GARA
BILBO

Bilboko portuko «lotsaren horma»-ren eraikuntza salatu du Podemosek

Podemosek Bilboko portuan «lotsaren horma» eraikitzen ari direla salatu zuen atzo, portuan bertan egindako agerraldi batean. 200.000 euro balio duen horma pertsona migranteei Britainiara iristea eragozteko egin dute.

«Xenofobiaren horma bat eraikitzen ari dira, Trumpen espiritua Bilboko portuan, Calaisko –Estatu frantsesa– kanpamentu batetik kanporatuak izan ziren pertsonak Britainia Handira irits ez daitezen», azpimarratu zuen Miguel Urban europarlamentariak.

Podemosen ustez, «giza eskubideak errespetatuz eta trataera humanitarioa emanez jorratu beharreko egoerei xenofobia politikoz jositako irtenbidea ematen ari zaie», aipatu zuen Urbanek.

Xabier Benito europarlamentariak «pertsonen eta Giza Eskubideen kontrako lotsaren hormaren eraikuntza» salatu zuen, portu horretan bertan «astero, Saudi Arabia bezala gatazkan dauden herrialdeetara eramateko armak itsasoratzen direlako».

Parlamentuan

Armen gaia Gasteizko Parlamentuan ere jorratu zuten atzo. Haiz zuzen, Ganberak Madrili eskatu zion armen esportazioak kontrolatzeko neurriak indartu ditzala eta «errepresio eta indarkeria egoera» bizi duten herrialdeetara bidalketak debekatu daitezela. Era berean, Europar Batasunari eskatu zioten Saudi Arabiari armak saltzeari «blokeo eraginkorra» ezartzeko.

Hala, eraso militarrak jasaten dituen Yemeneko gizarte zibilarekiko elkartasuna agertu zuen Parlamentuak eta bonbardaketak amai daitezela eskatu zuen. Nazioarteko komunitateari orokorrean, eta Lakuako gobernuari zehazki, laguntza humanitarioa eskaintzeko eskatu zieten.