GARA
DONOSTIA

Gure Esku Dagok datorren udazkenean Donostian galdeketa egin nahi du

Urte amaieran ekimen bat egingo dute 2018ra begira osatu nahi duten agendaren berri emateko. Atzo Donostia Galdeketa elkartea aurkeztu zuten, kontsulta egin ahal izateko sinadurak biltzen hasiko dena.

Gure Esku Dagok bere partaidetza prozesuarekin aurrera jarraitu nahi du eta, hala, datorren urteko udazkenerako galdeketa prestatu nahi du Donostian. Urte amaieran ekitaldi bat egingo dute 2018ko agendaren berri emateko. Bitartean, sinadura bilketarekin hasiko direla iragarri zuten atzoko agerraldian.

Donostiako GEDek gogora ekarri zuen 2014ko ekainean 150.000 lagunek baino gehiagok Durango eta Iruñea lotu zituztela erabakitzeko eskubidearen alde. Urte horretako azaroan 10.000 pertsonak mosaiko ikusgarri bat osatu zuten Zurriolako hondartzan Eskozia eta Kataluniako prozesuei babesa eskaintzeko eta Euskal Herrian ere hautetsontzia aldarrikatzeko.

Ibilbide hori ikusita, Donostiari ere erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea iritsi zaiola uste du GEDek. «Erabakitzeko eskubidea esanguratsua eta integratzailea izan dadin mezu zehatzez jantzi behar dugu, donostiar ororen aniztasuna eta guztion sentsibilitateak barneratu ahal daitezen. Erabakitzeko eskubidea demokratikoa da beste ezer baino lehen eta bi helburu nagusiri erantzuten die: erabakitzeko eskubidea hiritartasunaren topagune bilakatzea eta bigarrenez, beraien nahiak eta gogoak bideratzea», zabaldu zuten agerraldian. Horregatik diote donostiarrei iritsi zaiela garaia.

Elkartea martxan

Horretarako sortu da Donostia Galdeketa elkartea. «Gaur hasiko gara eraikitzen 2018ko udazkenean burutuko den bidea. Abiapuntu honek ahalbidetuko du donostiarrek, beren borondatearen arabera, erabaki dezaten beraien etorkizun politikorik egokiena. Ez gaude bakarrik bide honetan, bertan ageri diren esparru desberdinetako donostiarrak (politikariak, sindikalistak, kirolariak, kultura arlokoak, eta abar) gurekin batera sutsu arituko dira. Baikor gara kopuru hau handitzen joango delako, gero eta herritar gehiago murgilduko delako proiektu zirraragarri honetan eta guztiok bat eginez galdeketara pozik joango gara horretarako ipiniko diren hautetsontzietan gure botoa ematera», esan zuten.