2017/12/06

Sormen bazkaleku

Durangok berrogeita hamabigarrenez zabalduko dizkio ateak azokari gaur. Liteke izan belardi alfonbraz estalitako eremu bat, animalia feria bat, Gabonen aurreko tradizioa dutenetakoa. Abendukoa da Landako gunekoa, eguraldi hotzetakoa, baina egurats berokoa. Eta animaliak dituenik ezin uka, euskal kulturaren primitibotasunari eusten dion hitzordua baita. Gaurtik aurrera eta igandera bitarte, Durangoko Azoka sormen bazkaleku izango da.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
1206_kul_durango

Duela bi hamarkada palet gainetan jarritako hankak lurzoru leunean ibiltzen dira orain, paisaia ordenatuago batean, non nork bere lekua –standa, salmahaia–, bere kaxak, produktuak, marketin amuak, espiralean eraikitako liburu piloak baitituen salgai. Palentinoko hitzorduak, aspaldian ikusi gabeko lagun maitatu eta ez hain maitatuak, sortzaileenganako loreak, haien bizkar egindako kritikak, euskal kulturaren etorkizunari buruzko eztabaidak... Eta “B” aldeko kantak: Landako guneko jende oldea, oraindik nahi duena erosi ez duenaren zain egon beharra, Berri Txarraken diskoa etxera sinatuta eramateko ilaratzarra irensteko obligazio morala, Ereinen standeko zalaparta –Nor egongo ote da jendetzaren atzean? Toti Martinez de Lezea, nor bestela?!–, haurren asperdura, barruko beroa... Baina, tira, pelegrinazioan asumitutako erronkak besterik ez dira. Denak ezagunak.

Jakina dena da aurten sormenaren lurralde gisa bataiatu duela bere burua Durangoko Azokak, eta gaurtik bazkaleku kolektibo izango da bertan sortuko den etxaldea.

Etxeko proposamenak

10.20ean zabalduko ditu ateak euskal kulturaren hitzordu nagusiak eta 12.00etan izango da irekiera ekitaldi ofiziala. Eguneko zitarik garrantzitsuenetakoa iluntzean, 20.15ean, iritsiko da. Aurten Ahotseneak hamargarren urteurrena ospatuko du zuzeneko karpan, baina ez da publikoari zabalik izango. Domaia.

Datozen egunetarako, Durangoko Azokaren ikuspuntu poliedrikoa bideratuko duten hamaika proposamen. Eta gertatzen denaren aukeraketa bat GARAko egunkarietan irakurri ahal izango da egunero. Eguneroko giroari keinu egingo dioten orrialdeez gain, Azokak berak antolatzen duen Gogoetaren Plazara sortzaile eta eragileek eramaten dituzten gogoetak bilduko dituzte Kultura saileko kazetariek.

Kanpo gogoeta ez da, ordea, bakarra izango. GARAk hausnarketa propioa egingo du diziplina desberdinetako sortzaileen ekarpena oinarri hartuta. “Sormenaren ezkutukoak” saila sormen prozesuaz harago joango da, eta artista bakoitzaren sentimendu eta bizipen pertsonalak batuko ditu. Bihar, lehenengo gonbidatua; Izaro Andres. Hasi bazkatzen, bada giro-eta!

ARIKETA


Diziplina desberdinetan lanean ari diren sortzaileekin barne ariketa bat egin du GARAk, eta hori izango da egunkariak aurten Azokarako egingo duen hausnarketa. Sortzailearen sentimenetara gerturaketa bat izango da «Sormenaren ezkutukoak».