Patxi GAZTELUMENDI
LARRABETZU
Elkarrizketa
VEGO VICARIO
ANIMAZIO-ZINEMA ZUZENDARIA

«Euskaraz eta bertsoekin ez da sekula animaziozko filmik egin»

Andoni Egañaren ahotsak eta bertsoek Eusebiren istorioa harilkatzen dute. Hogei animatzailek marrazkiak, animazioak eta teknika ezberdinak landu dituzte. Lurra eta aitzurraren soinuarekin uztartu ditu Xabi Erkiziak. Eta jaialdiz jaialdi Euskal Herritik mundurako bidea egingo du orain «Areka» animazio lanak. Buru-belarri horretan murgilduta aritu da Bego Vicario Arte Ederretako irakaslea eta zinemagilea.

Zelan egiten da «Areka» bezalako animazio film kolektibo bat?

Lehenik eta behin, energia asko izan behar da. Aldez aurretik hori bagenuen, aurretik “Bezperako koplak” egina genuelako. Oso modu inuxentean burutu genuen lan hura, pasioak bultzatuta. Maialen Lujanbioren koplak entzunda, pilak kargatu, eta indar horrek bultzatuta proiektua amaitu eta plazaratu genuen. Kimuak-eko sortan hautatua izan zen eta mundu osoan zehar mugitu da, nahiko modu arrakastatsuan gainera. 200 zinema jaialditik gorako ibilbidea egin du oso denbora laburrean. Aldez aurretik ez genuen horrela izango zenik pentsatuko, baina harro sentitzeko modukoa da; Indonesian, Perun, Japonian, Egipton eta Europako bazter guztietan euskaraz eta bertsotan ikusi dute gure animazio esperimental hau.

Indar horrek bultzatuta geure buruari galdetu genion ea beste bat egingo genukeen. Bai, beste bat egingo genuela pentsatu genuen, baina lotura handiagoa behar zuen emaitza berriak. Asteburu batez bildu eta asteburu horretan adostuko genituen kolore gama bat, estiloa... gaia bagenuen, baina gehiago ez. Andoni Egañaren testu batzuk genituen eta hortik jo nahi genuen. Hor hasi zen eztabaida, oso ezberdinak gara gure artean eta. Eta gauza batzuk adostea zen helburua. Eta lanari ekitea.

Eta asteburu luze bat hartu zenuten horretarako, ezta?

Maiatzaren Leheneko zubia hartu genuen, dekanoari fakultatean lan egiteko baimena eskatu nion eta bertan batu ginen asteburuan hogei lagun inguru. Fakultatea eta materiala utzi ziguten. Ostiraletik asteartera bertan sartuta egon ginen. Lo apur bat egiten genuen Barrikako surf camp batean. Egunero goizaldeko bostak arte jarduten ginen marrazten. Bildu, desadostasunak aztertu eta lanean jarraitu.

Eta hogei laguneko taldea zelan kudeatzen da?

Galdera bera egiten didate hemendik kanpo ere unibertsitate eta jaialdietan. Gure eredu hau, lan kolektiboena, nola kudeatzen dugun. Eta galderan bertan dago sarri akatsa. Gehienetan nola lideratu dudan galdetzen didate eta nire lehen erantzuna da nik ez dudala ezer ere lideratzen. Hau talde lana da. Eta ondorioz erantzukizuna guztiona da. Ni, adinez nagusienetakoa izanik, eta beraien irakasle izandakoa gainera, guztiak ezagutzen ditut –eta askok euren artean ez dute elkar ezagutzen–, orduan ahalegina egin behar dut harremanetan. Baikortasuna oso garrantzitsua da, eta nik dohain hori badaukat. Eta gero oso garrantzitsua da umorea. Oso serio jartzen garenean niri barregura sortzen zait. Hiletetan ere gertatu izan zait. Umorea oso garrantzitsua da harremanetarako, eta film honetan ere izan da. Une latzak eta krisiak izan ditugu, baina maitasun une politak ere bai. Nik lanean ezagutu izan ditut beti, ez dira taberna batean egindako lagunak. Alde horretatik hori abantaila bat da lanerako.

Arte Ederretako fakultatea tailer bihurtu duzue, eta adin eta garai ezberdinetako ikasleekin ari zara aspaldian proiektuak bideratzen.

Gure fakultateak dena eskaini digu guri. Han jaio dira gure proiektu guztiak. Ni neu ere bertan ikasitakoa naiz, han ezagutu ditut kide guztiak, animazio teknikak ere bertan jaso ditugu. Eta iruditeria bat ere sortu da gure artean. Talde zabal eta askotarikoa den arren, gauza askotan bat egiten dugu, eta horrek asko laguntzen du talde lanean. Kritika gogorra eta lausenguak, biak dira oso beharrezkoak. Animatzaileok normalean bakarrik egiten dugu lan; beraz, holako sorkuntza kolektiboan hasten garenean oso aberatsa izaten da guretzat ere. Aldamenean zertan ari zaren ulertzen duten batzuk izatea eskertzekoa da.

Ohikoa da horrela lan egitea, horrenbeste animatzaileren artean egitea pelikula bat?

Bai, lehenago ere ezagutu ditugu horrelakoak. Gogoan dut Arteleku garaian bertan sortu zirela film kolektibo batzuk. Beste unibertsitate batzuetan ere izaten dira horrelako lan esparruak. Valentzian ere egin izan dira horrelako pare bat film. Guk ez dugu ezer berririk asmatu. Kontua da euskaraz ez dela inoiz horrelakorik egin, are gutxiago bertsogintzarekin lotuta. Gureak berrikuntza horiek dauzka.

Ekoizpen aldetik beste proiektuetan nola izan den ez dakit. Guk oso argi izan dugu parte hartzen duten guztiek izan behar dutela emaitzaren erantzule. Jendearen lana aitortua izateko, guztiak jarri gara ekoizle bezala eta zuzendari bezala. Guk ez daukagu zuzendari bat, eta hor badago ezberdintasun bat.

«Beti bezperako koplak» asko mugitu da zinema jaialdietan. «Areka» ere aurkeztu orduko hasi da sariak eta aipamenak jasotzen. Pozik egongo zarete, ezta?

“Areka”-k bost sari jaso zituen asteburu bakarrean. Hasiera oso ona izan du. Zinebin bi jaso zituen, Errenterian ikusleen saria jaso zuen eta animaziozkoa izanik poztekoa da. Horrez gain, Bartzelonako La Alternativa jaialdian –CCCBk antolatzen duen zine esperimetalaren festibala– aipamen berezia jaso genuen eta Alcala de Henareseko festibalean ere jaso dugu saria.

Aurreko lanarekin alderatuta, batasun handiagoa erakusten du film berri honek. Badago alderik?

“Koplak” eskarmentua izan da guretzat, esperientziaren zentzuan. Niri asko gustatu zitzaidan, indarra duelako. Indar espresiboa Maialenen ahotsetik hasita… oraindik ikusten dudanean asko gustatzen zait. Baina “Areka”-k daukana da elkarrekin lan egin dugula. Eta motiboak, argazkiak... hainbat pasartetan agertzen dira. Teknika berarekin egin ditugu gauza asko, eta egile ezberdinek baliatu dituzte irudi edo ideia berdin batzuk. Trentza bat bezalako egitura baliatu dugu. Txirikorda bat da, baina hiru hari izan beharrean gehiago ditu. Hari horiek pelikulako plano ezberdinetan agertzen dira. Horrek batasun bat eman dio, nahiz eta 20 egile eta teknika ezberdinak erabili gutako bakoitzak.

 

«‘Areka’ guretzat animaziozko film dokumentala ere bada»

Urtebete egin du “Beti bezperako koplak” lanak nazioartean; 200 jaialditan izan da orain arte, eta oraindik beste urtebetez arituko dira horrekin batetik bestera. «Baina ez dira animaziozko festibalak soilik, badira film laburrei eskainitakoak ere, denetarik» zehaztu digu Bego Vicariok. «Gainera guretzat ‘Areka’ dokumentala ere bada», gaineratu du. «Dokumental animatua, animazioa eta dokumentalgintza gora datoz. Eta fikzioak hartu du hortik ere. Fikzioak hartu du animaziotik ere. Eta alor guztiak nahastuta daude. Film luzeek gure teknikak dituzte orain, animazio eta efektuekin egiten dira. Eta dokumentalek gero eta gehiago dute fikziotik. Orduan guretzat ere aproposa da jolas hori». Errealitate baten paradigma bat da hau. «Eusebi bezalako zenbat amonari gertatu zaio hau edo oso antzeko zerbait?», galdetu du aspaldi Goya bat jaso zuen zinema zuzendariak. Argentinako Servini epailea orain ari dira erakusten horrelako zenbat kasu dauden hemen eta han. «Horregatik gure lan hau animazioa da, film laburra da eta dokumentala da». Eta Kimuak-ek hautatua izan denez, luzaroan batean eta bestean aurkezteko parada izango dute. Andoni Egañaren bertsoak eta haria, hogei animatzaileren lana, Eusebiren historia eta lur eta aitzurrarekin landutako soinua. Memoria historikoa eta zinema esperimentala uztartzen dituen lana da “Areka”.P.G.