Asier AIESTARAN
PILOTA

Aurreko astean lehen puntua lortu zuten bi bikoteak, nor baino nor gaur Urretxun

Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Irribarria-Merino II.a neurtuko dira Santa Lutzieguna ospatzeko Ederrenak hartuko duen jaialdiko partida nagusian.

Binakako Txapelketari bi porrotekin ekin ostean, Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Irribarria-Merino II.a bikoteek aurreko astean lortu zuten aurreneko garaipena. Eta bi bikote horiek dira gaur Urretxun elkarren aurka jokatuz ligaxkaren laugarren jardunaldiari hasiera emango diotenak (jaialdia 17.30ean hasiko da eta ETB1ek gauean eskainiko du). Horregatik, bietako batek denbora gutxian sailkapenaren zulotik erdialdera jauzia ematea lortuko du; besteak berriz beheko postuetan ikusiko du bere burua.

Gaurkoa Andoni Aretxabaletaren bigarren neurketa izango da, aurreko astean min hartuta dagoen Ladis Galarzaren lekua hartu eta gero. Markinako atzelariak partida ederra egin zuen Arrigorriagako pilotalekuan, Beñat Rezusta bezalako aurkari gogor bati aurre eginez –nahiz eta egia den bergararrak ez zuela bere egunik onena izan–. Mikel Urrutikoetxeak ederki eskertu zuen laguntza eta Zaratamoko aurrelariak tanto pila galanta egin zuen aurreko koadroetan.

Iker Irribarriak eta David Merinok osatzen duten bikoteari dagokionez, igandean lortu zuen aurreneko garaipena Eibarko Astelena pilotalekuan, Victor eta Albisuk osatutakoaren aurka. Kasu honetan ezin esan daiteke inork neurketa ona egin zuenik, huts asko egin zituztelako lau protagonistek. Hala ere, eta sailkapenean zuten egoera ikusita, puntuak sekulako garrantzia du Aspekoentzat, urduritasun gutxiagorekin jokatzeko bada ere gutxienez.

Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak aurreko asteazkenean jokatu zutela kontuan izanda, arlo fisikoak ere izan lezake bere garrantzia, Asegarcekoek lau egun gehiago izan dituztelako atseden hartu eta gaurko partida prestatzeko. Are gehiago Ederrenako hitzordua ere hirugarren jardunaldian ikusi diren norgehiagoka luze eta gogorren ildotik joaten bada.

Ladis, oraindik minez

Gaur gertatzen dena gertatzen dela, badirudi Andoni Aretxabaletak beste jardunaldiren bat ere Urrutikoetxearen atzelari izaten jarraituko duela. Zierbenako frontoian ezker oineko behatz lodian lesionatu ondoren egindako osasun azterketek arazoa larria ez zela erakutsi zuten arren, Ladis Galarzak minez segitzen du oraindik eta hamar egun pasatu direnean ezin izan du entrenamenduetara itzuli.

Hasieran Ladisek osatzeko 15 bat egun beharko zituela aipatu zen, eta ziurtzat jotzen zen bosgarren jardunaldirako bueltan izango zela. Orain, ordea, badirudi, denbora gehiago beharko duela lehiaketara itzultzeko.