GARA
BILBO

Bilboko Arte Liburu Azoka ari da bere tokia egiten eta bosgarren edizioa du asteburuan

Ohiko formatuetatik harago, liburuaren inguruko esperimentazioan eta ikerketa artistikoan sakontzen duten edizio moduak biltzen dituen azoka da BALA (Bilboko Arte Liburu Azoka).

Bilboko Arte Liburu Azoka arte argitalpenen azoka da. Liburua bera arte objektutzat, aparteko piezatzat edo tirada berezikotzat hartzen du.

Esperimentazio eta ikerketa artistikoaren esparruetan sakontzen duten argitalpenei zuzentzen zaie asteburuan Bilbon zabalik dagoen azoka.

Helburuen artean aipa daiteke edizio independentearekin lotutako jarduera berriak ezagutzera ematea, eta elkarrizketa gune bat sortzea, hitzaldien, liburu aurkezpenen eta tailerren bidez argitalpen baten aukera artistikoak eta baldintzatzaileak (prozesu osoan, sorkuntzatik hedapenera) nabarmentzeko.

Ohiko formatuetatik harago, liburuaren inguruko esperimentazioan eta ikerketa artistikoan sakontzen duten edizio moduak biltzen ditu.

Joan den ostiralean ireki zituen ateak eta gaur amaituko da bosgarren ekinaldia.

Bilboko Arte Liburu azoka abenduko ekitaldietako finko bat bilakatzen ari dela nabarmendu dute antolatzaileek. Aurten Bilbo erdian jarri dute azoka, Plaza Biribileko La Granjan, hain zuzen ere.