Haritz LARRAÑAGA
Baiona

Euskal Elkargoaren «inplikazioa» eskatzen du Etorkinekin Kolektiboak

Baionako harrera zentroan ziren 25 errefuxiatuetatik 21 Paueko epaitegira deitu dituzte gaurko, asilo eskaerak errefusatuak izan ostean. Italiara itzularazi eta handik jatorrizko herrietara eramateko lehen urratsa dela salatzeko elkarretaratzea deitu dute elkarte desberdinek gaur eguerdirako Lapurdiko hiriburuan.

Asilo eskaeren kudeaketa Euskal Elkargoaren eskumena ez dela onartu arren, Etorkinekin Kolektiboko kideak elkargoko hautetsiengana zuzendu ziren larunbatean, eta gutun bana helarazi zieten, «afera humanitario honetan bakoitzak dagokiona eta ahal duena egin behar duela» iritzi baitiote.

Amaia Fontang laguntzailearen esanetan, «harrera ona izan zuen interpelazioak, lehendakariak ere arazoaren garrantzia onartu du, baina orain ikusteko dago zerbait egingo duten».