Jon GARMENDIA
Idazlea
Udate

Sidereoa

IPARRALDETIK

Eman dio lurrak eguzkiari bira oso bat, eta udan gaude berriro. Pasa da urtea, eta orain, ez galdetu eguzki urtea izan den, urte tropikoa, edo urte sidereoa ote den gure begi aurretik igaro dena. Behinola, ongi esplikatu zizutelako ez direla berdinak, urte klase horiek prezisioz zehaztu zezaketela denboraren igaroak non utzi zaituen zehatz-mehatz. Baina tira, izenak dira justu-justu oroitzen dituzunak, eta ezin jakin ordu batzuen gorabeheran iazko San Fermin egunaren neurrian ote zauden edo ez. Udak, ordea, badu berezko zapore bat, hala hartzen diozu, eta badu usain bat ere; eta haiek, utzi zenituen leku berean aurkitzen dituzu urtebeteren bueltan. Itsas kresalaren fragantziak larruazalari itsatsitako hondar aleen lurrina atzematen diozu batzuetan, lisatu berri duzun ator zuriarena bestetan, neguko arropa geruzak urrun, biziki urrun utzi dituzun sentsazioarekin nahaspilatuta. Eta sagardo botila freskoak ogitartekoekin ostatuko terrazan, arrautzopilak bestela oihaneko zelai batean, gauean, bizitzak ilun usaina besterik hedatzen ez duenean. Ahoari jaurtitako geziak, gaziki, eta gozoki. Auto ilarak nonahi, eta bozina soinua, baina CO2 gehiegi. Izozkiak karrika bazterrean haurren eskuei kolatuta. Eta motxilarik ez, haien bizkar gainean. Galipota erregosia bazkalosteko pasian, eta meta belarrak bortuan. Izerditzen ez duten behatzak sandalietako lokarri artean. Libre. Behin eta biga amestutako desirak, mugarik gabeko fantasiak, egina eta egin nahia bereizteko marra gorrian. Urrunago dituzu kalimotxo eta garagardo zaporeko muxuen uda haiek hala ere, baina izanen da hartatik probatzen ariko denik oraino. Eta orain siesta ordua da, utzi teknologia, eta ahantzi liburuak, ea bero sargoriak larrutan harrapatzen zaituen. Zapore eta usainik udakoena baita hori, maitasunarena. Urte sidereo osoan praktikatu behar litzatekeena.

Honi buruzko guztia: Udate