Xole ARAMENDI DONOSTIA
Udate

Iñaki Murua: «Txiki izateari eutsi behar diogu, geu izanaz»

«Bertsoa... munduan kokatzeko» izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariak EHUko ikastaroetan. Iaz Mexikon bizi izan zuen esperientziatik ikasitako hainbat lezio azaldu zizkien entzuleei, anekdota barregarriz zipriztinduta.

Iñaki Murua eta Miren Artetxe Mexikon izan ziren, beste bederatzi kulturatako inprobisatzaile eta ikerlariekin batera. Hego Ameriketan askotan ibili dira bertsolariak eta hangoak ere etorri izan dira Bertsozale elkarteak antolatutako jardunaldietara. Haiek ere bertsolariak direla onartzeko eragozpenak izan dituztela aitortu zuen Muruak. «Kosta egiten da. Bertso munduan etsamina asko pasa behar da», esan zuen.

Bideo bidez Mexiko aldera bidaiatu zuten entzuleek. Bertan Muruak eta Artetxek bertsoak abestu eta ondoren hango zaleei gaztelaniara itzuli nahian hartzen zituzten lanak ikusi zituzten. Baita mexikarrek azalpenak, txaloka, zein gogotsu hartzen zituzten ere. «Euskaldunak zuhurrak gara maitasun sentimenduak adierazteko garaian eta han asko ikasi genuen. Gu eroso eta goxo senti gintezen saiatzen ziren, izugarri zaindu gintuzten», kontatu zuen.

Kultur arteko topaketak egiteko asmoa du elkarteak 2016an. «Ikaskizun dezente daukagu Mexikoko topaketa haietatik geure egin beharrekoak», adierazi zuen.

Bertsozale elkartea mundura irten da. Esperientzia positiboa izan da. «Gogotsu ibili gara batetik bestera. Mexikora ere hura ezagutu eta gu ezagutu gaitzaten joan ginen. Kanpora irteteak, bertsotan ari ginen bakarrak ez ginela jabetzeak, sekulako lasaitua eman zigun. Besteek zer egin duten ikusi eta ikasteko, partekatzeko aukera geneukan», nabarmendu zuen.

«Gizartearen desaktibazioa»

Hausnarketarako baliatu zuen hitzaldiaren azken zatia. «Jaurlaritza sortu zenean sekulako ametsa bete zen jende askorengan. Horren ondorioz pertsona askoren desaktibazioa etorri zen. Alegia, ordura arte auzolanean egin beharreko dena ordutik aurrera Jaurlaritzak konponduko zuen. Desaktibatze horrek sekulako aberia egin du herri honetan eta Jaurlaritzak berak ez du ondo ulertu, zirikatu egin beharko luke herritarrak aktibo egon daitezen, beretzat izango luke onura gehien. Ezin gara desaktibatu beste behin ere. Ez gaitu inork salbatuko, lanak besterik ez, geuk egiten dugunak. Horri zor gatzaizkio. Hori da nire gogoeta argentinarrak, kubatarrak... ikusi ondoren», adierazi zuen.

«Estatu indartsuetakoak dira, baina beste indartsuago batzuen betaurreko berberekin ikusten dute mundua. Euren kultura gutxietsi egiten dute; ingelesak dauka orain hegemonia. Txinatarrak izango dira laster eta indiarrak espabilatzen direnean.... Txiki izateari eutsi behar diogula geu izanez. Geu izan munduaren aurrean eta belaunaldi berriak munduari begira jarri», azpimarratu zuen. «Gazteek mugarik gabeko Euskal Herria bizi dute, hizkuntzaren komunitatea, hori da bertsoari esker herri honi egin diezaiokegun oparirik beharrezkoena. Haien belaunaldia ikusi eta Euskal Herri bat imajinatzen dut, neure belaunaldikoak ikusita, ez. Aisialdiko egitasmoak, denbora pasakoak, benetan interesgarrienak ari zaizkigu bihurtzen. Hor dago etorkizuna, hor dago indarra», Muruaren esanetan.

Ausardiaz jokatu beharra ikusten du. «Dena kontra dagoela dirudienean, betaurrekoak garbitu eta berriz ikusten saiatu behar dugu», zioen. Bitartean, datorren hilean Kubara egingo duen bisita du zain.

Gure mugetatik kanpora ateratzeak ematen digun perspektibak egindako bideari neurria hartzen laguntzen digu. Antzeko zerbait gertatu zitzaien Iñaki Murua eta Miren Artetxe bertsolariei iaz.

Harridura, hemengo antolaketa dela eta

«Kanpora joan arte konturatu ez garen hainbat gauza ikusarazi ziguten. Buruan sartu digute txikiak garela, baina eskasak ez garela badakigu. Kanpoan ez dago guk daukagun bezalako antolaketarik eta ekimenik. Beharbada, beti hankapean bizi behar izan dugulako. Horregatik-edo elkar hartuta, auzolanean, borondatezko lanean, baina antolatuta gaude eta kanpoan ez dago hori. Harrituta geratzen dira», adierazi zuen.

Bertsozale elkartea ezagutzeko gogo bizia erakutsi zuten topaketak elkartutako kultura desberdinetako ordezkariek. «`Bi mila eta gehiago bazkide ditu elkarteak? Nondik? Eta bazkide izateko ordaindu egiten dute? Eta gainera lana eginarazten diezue?', galdetzen ziguten. `Ez, ez, lana borondatez egiten dute, guk ez ditugu behartzen..', erantzuten genien. `Ze jende da hori? Ez dira normalak', zioten haiek», kontatu zuen Iñaki Muruak entzuleen artean berriz barreak sortuz. X.A.

Honi buruzko guztia: Udate