Arantxa MANTEROLA BAIONA
UDATE | Baionako Bestak

Baionarrek bereganatu dute hiria bost gau eta lau eguneko jairako

Ohiturari jarraiki, herriko etxeko balkoitik hiru giltzak jaurtiz eman zieten hasiera bart Baionako bestei. Baina izan zuen berrikuntzarik aurtengo jaien hasierak: «bizardunak» agertu ziren herriko etxeko enparantza inguruko teilatuetan eta ikurrin handia zabaldu zuten.

Baionako hiru auzo nagusietako -Santespiritu, Baiona Handia eta Baiona Ttipia- hiru giltzak jendeari jaurtiz, ekin zieten bart aurtengo bestei. Bost gau eta lau egunez, bertako zein kanpotik jindako milaka bestazaleak izango dira Lapurdiko hiriburuko jaun eta jabe.

Ohi bezala, aurten ere pertsona ospetsu andana izan zen balkoian. Hasteko, Jean-Rene Etchegaray pozarren zegoen auzapez moduan bere lehen jaien irekieran. Bere alboan zituen udal ordezkari hainbat baina, zalantzarik gabe, gonbidatuak izan ziren protagonistak. Belharra olatua sustatu duen Gauthier Garanx surflariak, aurten denboraldi bikaina egin duen ASBko nesken errugbi taldeko kapitain Amandine Astorrek eta errugbi munduan eta beste hainbat kontutan hirian ezagun den Jacques Gardetek jaso zituzten plazan bildutakoen txalo nagusiak.

Bestazale gutxiagok ulertuko zuten Aitor Servierren bertsoa, baina, halere, ederki txalotu zuten gazte azkaindarra. Zeregin horretarako bera zela hautatua jakin zuelarik, poza sentitu ei zuen baina, berehala ohartu zen «hor egongo den jendetzaren aitzinean bertsoa kantatzea ardura handia» zela. Jabetzen da bertsolariak «paper sinbolikoa» duela, baina «txikia bada ere, leku hori euskarak izatea beharrezkotzat» jotzen du: «Nahiago nuke leku gehiago izango balu, baina dagoenarekin moldatu beharko», aitortu zuen Ipar Euskal Herriko bertsulari gazteetan txapeldun geraturikoak.

Dena den, besta irekitze ofizialaren aurretik izan zen gertaerarik berezienetakoa. Iruñeko sanferminetan iaz sona hartutako «bizardunak» agertu ziren eta ikurrin handia zabaldu zuten Askatasunaren plazaren inguruko teilatuetatik.

Txaloak Behoteguyrentzat

Halere, txalo zaparrada handienetakoa Andre Behoteguyrentzat izan zen. Duela egun gutxi zendutako baionarra urte luzez izan zen Besten Batzordeko burua. Jaiak aurkeztu zituztelarik, bere oinordeko Henri Lauquek esan zuenez, «ez da ez unea, ezta gunea ere isiltasuna eskatzeko» eta, hortaz, berak oso gustukoa izango zuelako ziurtasunarekin, txalo zaparrada eskatu zuen, «jaiak modernizatu eta egungo estiloa» eman zien Behoteguyren omenez.

Herritarren oihuen eta algaren artean Leon erregea balkoiratu eta giltzak botata, besta erabat lehertu zen Lapurdiko hiriburuan.

Alta, berez, giroa egun hasieratik berotzen hasia zen. Urteroko Bestazaleen Lasterketan 5.200 korrikalarik (iaz baino 600 gehiago) egin zuten Biarritzetik Baionarako 12 kilometroko ibilbidea. Pierre Urruti izan zen lehena iristen, 40 minutuan. Haurrek ere izan zuten beren Bestazale Txikien Lasterketa, Grenet zubitik Boufflers etorbideraino. Han amaitu ziren bi korrikaldiak, giro ederrean eta eguraldia lagun.

Handik, hamaiketakoa egin nahi zuenak, zubia zeharkatu besterik ez zeukan. Izan ere, azoka estaliko plazan 30 bat talde ari ziren, jo eta su, biper-omeleta eder eta goxoena prestatzen.

Sona handiak erakarrita, Landetatik etorritako taldeak ere baziren lehiakideen artean. Lehiaketara berrikuntza nabarmena ekartzeko asmoa zapuztua ikusi zutenak ere baziren. «Ostruka arrautzarekin egin nahi genuen gure arrautzopila, baina beroak eragindako estresa dela medio, ostrukak ez du arrautzarik egin», zioen umoretsu lehiakide batek. Aurtengoa laugarren edizioa izan da eta Haiz'Egoa abesbatzak eskuratu du biper-omeleta lehiaketako txapela.

Egitaraua

Uztailak 24

HAURREN EGUNA

10.00-11.30 GOSSE KARRIKA:Txokolate-jana.

10.00-12.00>Leon erregearen gorteko ziganteen desfilea.

10.30-11.00>ASKATASUNaren plaza: Bestetako yoga.

10.30-12.00>Jakes laffitte kARRIKATIK: Haurren danborrada, ziganteak.

11.00-22.00>chaho pelletier kaia: Laborarien Xokoa.

11.15-12.00>PAUL BERT plaza: Entzierro txikia. Amaiera, Reduiteko plazagunean.

12.00>askatasunaren plaza: Leon Erregearen iratzartzea. Ondoren, zezenketarako hastapen ikastaroa haurrentzat.

12.30-13.30>EUSKAL MUSEOA: Musikaldia.

12.30-13.30>MONTAUT plaza: Abesbatzak: Buhaminak, Lagunt eta Maita & Haiz Egoa.

12.30-18-00>POTERNE: Haurren eguna. Animazio ugari.

13.00-14-00>ASKATASUNAREN PLAZA: Festiv'Cuivres - Get7 Brass Band.

16.30-23.00 JAkES PORTES PLAZA: Karrikaldia: dantzak, gaita, txistu, abestiak, bertsoak, Dantzazpi , Baiona Kantuz.

17.00-18.30 santespiritu kolegiata:Kontzertu Atipikoa: Organoa, gaita eta txistua.

17.30-19.00 PAUL BERT plaza:Bigantxak.

18.00-19-00>RAIL BAYONNAIS FRONTOIA: Grand Chistera.

18.30-21.30MODERNE TRINKETA:Bestetako Masterrak pilota txapelketa.

19.00-23.00 ANDRE MALRAUX PASEALEKUA: Petanka txapelketa.

20.30-00.30 ERREPUBLIKA PLAZA: Jazz Spirit: Didier Datcharry Trio & Can I Swing.

20.30-21.30 aSKATASUNAREN PLAZA: Les Magnums.

21.30-22.00 /00.30-01.00 PAUL BERT PLAZA. Zumba.

22.00-00.30 DANTZALDIAK. AZOKA PLAZA: Pick Up. askatasunaREN PLAZA: Aistrika.