Olatz Otalora
Artista plastikoa
KOLABORAZIOA

Nestor eta arrastoak

Hurrena esandakoek idatzita iraungo dute. Irratian botatakoek ere bai. Garai batean erre zitekeen pintatu eta grabatutako guztia; esanak esanetan galdu ziren. Orain denak utziko du arrastoa.

Heriotzari beldurra akaso da arrastorik-ez-uzteari beldurra. Silogismo bat egitearren eta gaur egun arrastoa ezabaezina izanda, heriotzaren beldurrik ezagutu ez dugula esan genezake. Ez da horrela, baina. Zein da beldurra, beraz. Esaten da euskalduna ez dela heriotzaren beldur. Gezurra hori ere; ez behintzat egia osoa.

«Behin» gizakia naturatik banandu egin zen. «Das Kapital»ek dio errore primarioa natura baliabide bihurtzea eta gizakia produktore bilakatzea izan zela. Behin horretan, gizakia naturatik banandu zenean eta lurra baliabide definitu zuenean eta bere burua eta anaiarena produktore bilakatu, heriotzaren beldurra sartu zen etxera. Non arrastoa, han Jainkoa.

Gaur, «behin» hori egia denez geroztik, beldurra atso zaharra (eder zein itsusi) denez geroztik, arrastoa dugu premia bakarra, eta arrastoa ere hitz idatziaren premia bakarra. Badira daudenak beldur ez zirenen arrastoa forma bilakatu dutenak, kosmogonia eraiki dutenak. Badira jada ez daudenen arrastoa gogoratuko dutenak hitzak idazten eta marrak marrazten. Heriotzaren beldur ala ez, arrastoa nahi ala ez, arrastoa egon badago, hitz idatziak egon badaude, eta formak eta pelikulak ikusteko eta ukitzeko, begiratzeko eta dastatzeko. Beldur izanda ere, badira motiboak atso zahar hura eder ikusteko.

Beldurra arrasto (den ala ez) dugun momentu honetan, Ama Lurra arrasto eta ez Izana denez geroztik, saia gaitezke behintzat «behin» beldurra ez zeneko eta arrastoa harriak eta hitz-esan-ez-idatziak zireneko egun lanbrotsu horiek gogoratzen. Guk, beldur garenok eta arrastoa bilatzen dugunok, jakin eta esan dezagun astapotro hutsak garela heriotzaren kontrako gatazka ero honetan formak eta hitzak eraikitzen, puntu eta arnasarik gabeko paragrafo osoak idazten, errotutakoak ez daitezen izan gordetzeko idatzi diren hitzak, baizik eta memorian zehar gidatuko gaituen ahozko logika*; eta haratago doana haratago gera dadila.

* ...nuestra lengua que no tenía escritura, signos pintados sobre guijarros. Cuando el pintor ha concluido en su laboratorio de paredes (...) y se esparce por toda Europa de entonces un diluvio de anotaciones, no son anotaciones de escritura para guardar, sino clave de una lógica oral, para recordar y guiarse en su memoria, aquella comunidad de pintores que conquista así, artísticamente y sin dependencia oral que funda nuestra patria lingüística (...).

AMA LUR, 1968, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert