Joseba SALBADOR TOLOSA

Gipuzkoako EHNEko zuzendaritzak afiliatuen babes osoa jaso duela dio

Kongresuak «oinarrizko printzipioetara» itzuli eta elikadura burujabetza indartu beharra nabarmendu zituen. Garikoitz Nazabal lehendakari berriak osoko zuzenketa defenditzera «inor» ez zela joan salatu zuen.

Gipuzkoako EHNEk bere zazpigarren kongresua burutu zuen atzo Tolosan, 150 afiliatu baino gehiagoren parte hartzearekin eta Arabako UAGA zein Nafarroako EHNEko ordezkarien presentziarekin. Bertan, zuzendaritza berria hautatu zuten eta Garikoitz Nazabal zaldibiarra izango da lehendakari, Antonio Otaegi lehendakariorde eta exekutibako gainerako kideak, Nerea Soraluze, Aritz Katarain, Jose Antonio Odriozola, Iñaki Sorarrain, Asier Aristi, Begoña Galarraga eta Balentin Gabilondo.

Nazabalek txalotu egin zuen afiliatuek erakutsitako jarrera, «ez bakarrik parte hartze handiagatik, baizik eta prozesu osoan egindako ekarpenengatik». Zentzu horretan, sindikatua utzi duen taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa atzoko batzarrera eraman zutela esan zuen, «baina ez da inor etorri hura defenditzera. Guk ez dizkiogu ateak inori ixten», esan zuen.

EHNEko lehendakari berriak sindikatuaren ikurretako bat elikadura burujabetza izaten jarraituko duela berretsi zuen, «herri honen burujabetzaren lehenbiziko zutabea ekoiztea baita». Alde horretatik, gai honen inguruan «ekoizleek jaso ditugun deskalifikazioak» baztertu eta EHNEk duen erreferentzialtasuna indartu beharra nabarmendu zuen, «sekula erreminta bera helburu izan gabe, helburua sektorea delako».

Beste herrialdeekiko harremanei buruz, ukatu egin zuen egituraketa nazionalaren aurka daudenik baina, bere iritziz, «egungo konfederazioa aldatu behar bada, edukietatik abiatu behar dugu, ez baitu balio txapela janzteak bakarrik».

Nazabalen ustez, kongresuan argi geratu da «oinarrizko printzipioetara itzultzeko beharra, jendea nazkatuta dagoelako `on' eta `txarren' artean egiten den zatiketarekin». Bere ustez, baserritarren mundua «oso anitza da» eta «sindikatuko kideok aniztasun horri zor gatzaizkio».

Azkenik, egungo bailaratako egituraren ordez sektore eta arlokako egitura bultzatzearen alde azaldu zen zuzendaritza berria.