Imanol SAIZ
UDATE BETE

Herriko jaiek gaztetxoenei keinu gozoa egiten diete

Herrietako jaietako programek adin eta gustu guztietako pertsonak hartzen dituzte kontuan, baita haur eta gaztetxoen nahiak ere. Barrakak direla, ikuskizunak edo buruhandiak direla, ez dute etxean geratzeko aitzakiarik izaten.

Herriko jaiak irrikaz itxaroten dituzte urte osoan askok eta askok, baita etxeko txikienek ere. Jaietako programetan egun bat izaten dute propio beraientzat. Datozen egunetan Villabonan, Ordizian, Tuteran edota Algortan ospatuko dituzten jaiak ere ez dira salbuespena.

Antolatzen dena antolatzen dela, han eta hemen leku hartzen duten barrakek jartzen dizkiete begiak bizi-bizi. Gurasoekin batzuk edo lagunartean besteak, jaiek irauten duten bitartean egun bakarrean ere ez dute hutsik egiten.

Azken egun hauetan, Errenteriako haurrentzat Fanderia auzoan kokatutako feria izan da gozamenerako txokoa. Ehunka gazte jaso dituzte eta adin ezberdinetarako atrakzioak aurkitu dituzte bertan.

Tiroa, auto-txokeak, tonbolak... Denetarik aurki dezakegu barraken gunean. Haurrak pozez lehertzear ibili dira hara eta hona barraketan. Errenterian egon den barraketako batean egiten du lan Amparok. Aipatu duenez, «lau urtetik gora dituzten haurrak jolas gehienetan ibil daitezke»; adin horretatik beherakoak «atrakzio askotan ezin dira igo, baldin eta heldu baten laguntza ez badute». Gurasoak beraz, maiz ahaztuak zituzten esperientziak errepikatu beharrean izaten dira.

Euren seme-alabei laguntzen zebiltzan Susana de Diego eta Olga Pen errenteriarrak. Biek ala biek txikientzako aukera eskasagoa dagoela nabarmendu dute, behin adin batetik aurrerako neska-mutilek egun osoan zehar gunetik bertatik mugitzeko beharrik ez badute ere. «Haur txikienentzat bai, agerikoa da ez dagoela horrenbesteko aukerarik», azaldu du De Diegok.

Gainerakoak bezala, sektore honek ere nozitu du krisia eta horren aurrean eraldaketak egin behar izan ditu. Barraketako txartelen prezioa jaitsi dute aurten. Hori esan du semearekin barraketan zebilen Eli Sanzek: «Aurreko urtean garestiagoak zirela gogoan dut».Alabaina, merkeagoak izanda ere, urtetik urtera jende gutxiago datorrela aipatu du Amparok: «Oraindik ere jende asko gerturatzen da, baina konturatzen gara gero eta gutxiago datorrela».

Feria gunea etxeko txikienen leku kuttuna bada ere, bestelako eskaintzekin ere asetzen dute festa gogoa.

Horretan saiatzen da Jokulandia. Haur eta gaztetxoei birziklatutako materialarekin egindako joko eta ikuskizunak eskaintzen dizkie, eta horrek Euskal Herriko hainbat herritara eta mugetatik kanpoko beste batzuetara eramaten ditu. Haurrei bideratutako piroteknia eta joko entretenigarriak proposatzen ditu. Enpresa honen historia 2004. urtean hasi zen, Asturiasen kale ikuskizunen Estatu mailako lehiaketa irabazi ondoren. Hauxe dio Iñaki Velez Jokulandiako zuzendariak: «Ikuskizunek izan zuten `booma' ikusita», errepikatu egin behar izan zituzten. «Jokoak eta ikuskizunak originalak eta kreatiboak zirela nabarmendu ziguten», kontatu du.

Jaiak eta irakaspenak

Zaborretara botatzen den horrekin egindako jokoak izateak egiten ditu berezi: «Orain arte zakarretan aurkitzen nituen gauzak moldatzen joan naiz», dio. «Beste askorentzat garrantzia ez duten materialak hartzen ditut -jarraitu du-, eta horrela sortu ditut eskaintzen ditudan joko eta ikuskizun gehienak». Hemen eta horrela hasi zen Iñaki birziklatzearen munduan. Poliki-poliki Euskal Herritik kanpora birziklatutako jokoetan espezializatu den puntako enpresa bilakatu da Jokulandia, eta jai herrikoi gehienetan aurki dezakegu gaztetxoen aurpegiak irribarrez janzten.

Entretenitzeaz harago, jaiak irakaspentxoak emateko ere baliatu nahi dituzte. Horregatik, gazteentzako beharrezkoa den kontzientzia hori bultzatzen ere ahalegintzen da enpresa hau. Gaur egungo munduan birziklatzea beharrezkoa bilakatzen ari da eta etxeko txikienek balio horiek ikastea garrantzitsua da, Jokulandiako kideen esanetan.

Birziklatutako jokoekin jolasean, urdailean kilima egiten duen atrakzio batean igota edo buruhandien aurretik korrika, herriko jaiek keinu gozoa eskaintzen diete haur eta gaztetxoei eta, trukean, hauek irribarre zabalarekin erantzuten diete jaiei.