GARA GASTEIZ

AHTko Zumarragako tunela konpontzeko lanak irailerako amaituko dituela dio Lakuak

Maiatzean gertatutako lur jausiak eragindako kalteak uda amaierarako konponduta egongo direla esan du Lakuak, gainazalari ez diola eragin defendatuz. Lanek zein aurrekontu duten zehazteke dago oraindik.

Joan den maiatzaren 28an AHTko obretan Zumarragako tunelean lur jausia izan ondotik, Lakuako Gobernuaren esanetan, horrek eragindako kalteak konpontzeko lanak udaren amaierarako, irailerako hain justu, amaituta egongo dira. 5,3 kilometroko luzerako tunela proiektuko luzeenetako bat da, eta bi hodi ditu, bana trenaren norabide bakoitzerako.

EH Bildu eta PSEko talde parlamentariek egindako galderei erantzunez, Ana Oregi Ingurumen sailburuak atzo adierazi zuen lur jausiak ez duela tunelaren egituran kalterik eragin, lur jausia «tuneleko giltzarrian sortu zen falka» baten ondorioz gertatu zelako.

Aipatutako falkak 32 metroko luzera du, antza, eta 11 metroko altuera, tuneleko giltzarritik. Zumarraga azpiko tarte horretan, tunelak 100 metroko estalkia du, «beraz, gainazalean ez da inolako eraginik izan», baieztatu zuen kontseilariak.

Egiturako kalteak konpontzeko, tunelaren giltzarrian sortutako zuloa estaliko dute, eta «neurri osagarri gisa lur jausiaren inguruko zatiak indartuko ditugu».

Oraingoz, lan horien aurrekontuen berri ez du eman Oregik, oraindik ez baitago finkatuta. Baloratzen ari direla erantsi zuen. Lur jausien ondorioz, mendebalderantz, hau da, Antzuolarantz, egiten ari ziren lanak geldirik daudela gaineratu zuen.

Sailburuak ziurtatu zuen lur jausiak ez zuela «ageriko arriskua» sortu langileentzat; izan ere, ezbeharra laneko gunetik kilometro bat baino gehiagora gertatu zela esan zuen. «Istripua gerta zitekeen, baina aukerak oso urriak» ziren, Oregiren esanetan.

OHL-ren txosten teknikoa

Egunkari honek lur jausiaren berri eman ostean, iragan ekainaren 14an, EH Bilduk informazio gehiago eskatu zion Urkulluren gobernuari. Legebiltzarrari igorritako txosten teknikoak -GARAk edukiaren berri eman zuen joan den igandean- baieztatzen duenez, diseinatutako sostengatze sistema ez da nahikoa, segurtasuna ez da egokia eta lanen zati handi batzuk sendotzen ez badira lur jausiak berriro gerta litezke.

Gerta litezkeen lur jausien gainean OHL Construccion enpresaren Geoteknia Zerbitzuaren Zuzendaritza Teknikoak txosten horretan aditzera eman zuenez, «hormigoian jazo diren kalteak ikusirik, ezin da ziurtatu halakorik berriro gertatu ezin denik». Honek derrigorrezko egiten du tunelaren barruan arrailak agertu diren ehunka metroetan indartze lanak egitea. Konpontze lan soilak, beraz, ez dira nahikoa, aditu horiek diotenaren arabera.

Tuneleko falka konpontzeko lanei dagokienez, OHL Construccion enpresak ohartarazi zuen bete beharreko zuloaren bolumena «oso handia» dela, «ziur aski 700 metro kubiko baino gehiago».

Hau egiteko bi aukera jartzen zituen mahai gainean txostenak, baina biak ala biak «zailtasun eta ziurgabetasunekin». Ez batak ez besteak, gainera, ez ditu adituak konbentzitzen. Lehena, zuloa hormigoiarekin betetzea litzateke; bigarrena, zuloa estaltzeko hau hormatzea.