GARA

Eskualdeko lehen enplegu azoka hartuko du Tolosak, irailaren 11 eta 12an

Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, Lanbideren finantziazioarekin, eskualdeko Lehen Enplegu Azoka antolatu dute datorren irailaren 11 eta 12an, Lehiberri zentroan, Apatta industrialdean. Helburua 50 langabetutik gora lan merkatuan sartzea izango da eta, horretarako, sektore pribatuko enpresei diruz lagunduko zaie, kontratazioak egin ditzaten. Kontratuak irailaren 15etik aurrera egin ahal izango dituzte enpresek eta apirilaren 30a arte luzatu. Bestalde, lanaldi osokoak edo partzialekoak izango dira kontratuak, 3 eta 6 hilabete bitarteko iraupenarekin.

Lan bila dabiltzan herritarrak martxan jartzeko unea da. Eskaintzaren baterako izena eman nahi dutenek Lanbidera joan beharko dute abuztuaren amaiera baino lehen eta izena eman. Izan ere, hautaketa prozesua Lanbideren bitartez egingo da eta bertan izena emanda daudenek eta baldintzak betetzen dituztenek soilik parte hartu ahal izango dute Enplegunean.

Behin Lanbidek baieztatuta, hautagaiek oinarrizko baldintzak betetzen badituzte, Tolosaldea Garatzen arduratuko da bigarren galbahea pasatzeaz eta enpresek eskatzen dituzten gutxi gorabeherako hautagaiak aukeratzeaz. Dena den, informazio gehiago nahi duenak Lehiberri zentrora jo dezake, bertan, goizeko 10.00etan, lau saio informatibo antolatu baitira uztailaren 30ean, abuztuaren 22an eta 27an eta irailaren 3an.

Zalantzaren bat izanez gero eta interesa duen inork saio hauetara joan ezin badu posta elektronikoz eta telefonoz ere egin ditzake kontsultak, 943654501 zenbakira deituta edota lan@tolosaldea.net-era idatzita. Zerbitzua zabalik egongo da abuztuaren 1a arte. Ondoren, etenaldi baten ostean, berriro martxan jarriko da abuztuaren 20an.

Honela ez ezik, www.tolosaldeagaratzen.net eta www.lanbide.net web guneetan ere aurkitu ahal izango da eskaintzen inguruko informazioa.

Eskualdekoek, lehentasuna

Kontratuak 3 eta 6 hilabete bitartekoak izango dira eta eskualdeko langabetuek izango dute lehentasuna. Bestalde, Enplegunen parte hartuko duten enpresa guztiak Tolosaldean kokatuta daude, eta oro har, enpresa txikiak dira.

Honakoei kontratuen kostuaren %75a arte finantzatuko zaie ondorengo mugekin: hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua 3.000 euro arte; sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua 6.000 euro arte; eta kolektibo bereziren batekoa bada (35 urte baino gutxiago; azken 18 hilabeteetan hamabi hilabetez jarraian langabezian dagoena edota RGIa jasotzen ari den) sei hilabeteko lanaldi osoko kontratuagatik 9.000 euro arte.