Amalur Artola
Udate

Kale artistek herri txikiak ere piztuko dituzte

Kale antzerkia indarra hartzen ari da azken urteotan eta horren lekuko dira ikuskizun hauek ohiko zirkuituetatik atera eta gure herriko plazetara eramaten dituzten ekimenen biderkatzea. Pauso bat harago eman du Tolosako Topic zentroak: aurten lehenengoz antolatu duen «Txotxongiloen bideak» ekimenaren bidez ikuskizun hauek herri txikietara eramateko apustua egin du. Ezohiko zirkuitu honek zazpi konpainia eta hamalau herri lotuko ditu bi hilabetez.

Txotxongiloek artearen eta ikuskizunen munduan duten lekua erreklamatu eta, aldi berean, antzokietara joateko ohiturarik ez duten horienganaino iristea da Topic Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroak antolatu duen «Txotxongiloen bideak» egitasmoaren helburua. Baina ez hori bakarrik: pauso bat harago eman eta txotxongiloak ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen diren herrietaraino eramateko konpromisoa hartu dute. Horrenbestez, zazpi konpainia Gipuzkoa eta Bizkaiko hamalau herri zeharkatzen ari dira udan zehar euren txotxongilo, jantzi, atrezzo eta gainerako tramankuluak bizkar gainean hartuta: Hondarribia, Legazpi, Asteasu, Tolosa, Ibarra, Abaltzisketa, Berriz, Arrigorriaga, Zarautz, Altzo, Hernialde, Zumaia, Albiztur eta Berrobi. Parte hartzen ari diren konpainiak, aldiz, Tripitraka Teatro (Errioxa), Rambling Puppets (Katalunia), Anita Maravillas (Katalunia), Buho Teatro (Andaluzia), Paperformances (Madril), With The Beatles (Gipuzkoa) eta Marionautas (Txile) dira.

Eskaintza honekin, urtero Tolosako zentroak azaro aldera antolatzen duen Titirijai jaialdiak hartzen ez dituen esparruak betetzeko asmoa dutela azaldu du Xabier Ormazabal Topic zentroko kideak: «Beti ibili izan gara txotxongiloak kalera ateratzeko asmo horrekin, baina, udazken edo negu atari horretan gaudenez, azaroa ez da horretarako une aproposa». Hala, proposamena uda sasoira ekartzea erabaki zuten, jendeak kaleaz gehiago gozatzen duen urtarora.

Haserako asmoa Tolosa mailako ekimena antolatu eta zirkuitua Euskal Herriko konpainiekin osatzea zen arren, gauzak nahaspilatu eta, azkenean, egitasmoak bi lurralde hartuko ditu, eta jatorri ezberdineko sei talderen parte hartzea izango du, horietako bat txiletarra. Ekimena zabaltzearen ideia herriko alkate Ibai Iriarterena izan zela azaldu du Ormazabalek: «Bilera batean proposatu zigun eta egoki ikusi genuen, askotan herri txikiek aukera gutxi eta zailtasunak izaten dituztelako halako gauzak bertan izateko, eta baietz erabaki genuen, ekimena zabaldu behar genuela. Horregatik, hain zuzen, proposamena hiriburuetara ez helaraztea erabaki genuen».

Horiek horrela, hasieran Eskena (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak) eta UNIMA txotxongiloen federazioaren bidez zabaldu zuten proposamena eta, gero, Estatu espainoleko federazioekin ere jarri ziren harremanetan. «Emaitza oso ona izan da, deialdiari erantzunez 39 konpainiak bidali digutelako curriculuma, eta ez bakarrik Espainiatik, Greziatik, Txiletik... ere idatzi digute. Azkenean, jaialdiak nazioarteko kutsua ere hartu du», azaldu du. Hala, Txileko Marionautas konpainia ere izango da gurean uda honetan.

Ekimenak udalerrien aldetik izan duen erantzunarekin ere gustura agertu da Ormazabal, baina ez du ezkutatu apur bat urduri ere badagoela: «Inork aipatu digu `hemen abuztuan ez da inor egoten!', uda sasoia eta oporrak direla-eta... Baina aurten lehen esperientzia izango dugu eta ikusiko dugu nola doan; horren arabera erabakiko dugu bere horretan mantendu edo, agian, hurrengo baterako ekaina eta uztaila hartzea egokiagoa ote den. Ikusiko dugu».

Aurtengoan, behintzat, uztaila eta abuztua hartu ditu jada hasia den jaialdiak (egitarau osoa sarean dago, www.topictolosa.com webgunean) eta guztira 37 emanaldi prestatu dituzte. Konpainien hautaketa egiterako orduan irizpide nagusia aniztasuna izan dela nabarmendu du Ormazabalek: «Txotxongiloen mundua zabala eta anitza da, askotariko aukerak daude eta hori argi ikusi da jaso ditugun proposamenetan; denetik zegoen eta, gu, aniztasun hori mantentzen ahalegindu gara hona etorriko diren taldeen hautaketa egiterako orduan». Aniztasuna, jatorrian zein eszenaratzeetan: «Andaluzia, Katalunia, Madril, Errioxa... leku ezberdinetako konpainiak izango ditugu gurean. Batzuek harizko txotxongiloak erabiltzen dituzte, beste batzuk tradizionalagoak dira eta eskuzorroko txotxongiloekin aritzen dira, konpainia batek handiagoak erabiltzen ditu eta hezur-haragizko aktoreekin batera osatzen dituzte ikuskizunak, beste batek papera erabiliz unean sortzen ditu saiorako elementuak... Mundu honetan aniztasun handia dago eta hori erakustea izan dugu xede».

Bigarren irizpidea familientzat egokiak diren ikuskizunak izan daitezela izan da. «Kaleko ekitaldiak dira eta, normalean haurrak gurasoekin egongo direnez, denentzat egokiak izan daitezkeen ikuskizunak hautatzen ahalegindu gara», nabarmendu du.

Kale antzerkia lantzen dutenek ondo baino hobeto dakite ziurgabetasunez jositako ogibidea dela eurena; sekula ez da jakiten saio bakoitzak emango duen irabazia zenbaterainokoa izango den. Horretan ere pentsatu dute antolatzaileek: lotarako lekua Topic zentroan bertan izango dute, sormen ekimen ezberdinetarako etortzen diren taldeak hartzeko duten ostatutan, eta emanaldiak eskainiko dituzten udalerriak izango dira artisten elikaduraz eta lansariaz arduratuko direnak: «Udalei bi gauza eskatu dizkiegu: batetik, bazkaria eta afaria ematea, eta, bestetik, taldeek 150 euroko gutxiengo bat eramango dutela bermatzea. Printzipioz txotxongilolariek txapela pasako dute eta, horrekin 150 euroak betetzen ez badira, udalek jarriko dute gainerakoa», azaldu du Ormazabalek.

Honekin guztiarekin, Topic zentroak pauso bat gehiago eman du txotxongiloek tradizionalki izan duten garrantzia eta lekua berreskuratzeko bidean. Zentroak martxan daramatzan bost urteetan asko egin dela uste du Ormazabalek eta, alde horretatik, balorazio ezin hobea egin du: «Azaroan bost urte beteko dira Topic ireki zenetik eta eskaintza, behinik behin, ez zaigu falta. Jendearen aldetik interesa dagoela sumatzen dugu, duela lau urte martxan jarri genuen eskola kanpaina ere bide onetik doala uste dugu, eta iruditzen zaigu txotxongiloak tresna bezala gauza asko erakusteko balio dezaketela». Hala, pedagogia aldetik «oraindik ere egiteko lan handia» dutela ziurtatu du Ormazabalek, batez ere txotxongiloak, ezeren gainetik, artearen munduko elementu direla aldarrikatzen: «Txotxongiloak antzinako artea direla erakutsi nahi dugu, betidanik egon direla hor eta beharrezkoak izan direla hainbat eta hainbat gauza transmititzeko. Azkenean, txotxongiloen bidez mezu asko zabaldu daitezke eta gu, Topic zentroan, lan horretan gabiltza, eta jarraituko dugu», amaitu du.

Tolosako zentroari egin zaio egin duen lanaren onarpena. Hala erakusten dute urte hauetan guztietan euren jardunagatik jasotako sariek, azkena ekainaren amaieran jasotako Rosa Maria Cano saria. Azken hori Civitas Salamancako Ciudad Rodrigo herriko animazio kulturaleko elkarteak eman zion zentroaren hezkuntza programagatik eta «haur eta gazteei eskainitako arte eszenikoen sustapen onarengatik». Zehazki, epaimahaiak «Europan bakarra den txotxongiloen nazioarteko zentro honetan adin guztiei zuzendutako hezkuntza formazioa» eskaintzen dela nabarmendu zuen, eta pedagogian eta txotxongiloen zabaltzean egindako lana goraipatu zuen: «Hainbat jarduera burutzen dituzte, antzerki konpainia eta eskolei zuzendutako tailerrak, besteak beste». Era berean, Topic bertako dokumentazio zentroan aurki daitekeen antzerki dokumentazio digitalizatuari eta museoan dituzten 1.800 txotxongiloei ere egin zieten aipamena.

Saria abuztuaren 27an dute banatzekoa, Montarco jauregian (Ciudad Rodrigo, Salamanca), Gaztela eta Leongo XVII. Antzerki Jaialdiko ekitaldi paraleloen barnean. Horregatik galdetuta, sariak «batez ere aitortzak» direla nabarmendu du Ormazabalek eta pozarren agertu da, zentroari ematen dioten bultzada dela-eta, baita «aurrera egiteko indarra» ematen dietelako ere. Topic zentroko pedagogia batzordeak eskuartean dituen proiektuez ere aritu da: «Gauza horiek guztiak eramateko sortu genuen pedagogia batzordea eta hurrengo ikasturterako, adibidez, Madrilgo Nazioarteko Zentro Dramatikoarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu berri dugu. Guk hona ekartzen ditugun konpainia hauek guztiak handik ere pasako dira, eta, bide batez, haien programazioa betetzeko balioko du. Gainera, halako ekimenek beti balio dute lankidetza indartzeko, eta izena ere ematen dute».

Maleta hartuta, txotxongiloen zirkuituan

«Txotxongiloen bideak» ekimenak hamalau herri eta zazpi konpainia lotuko ditu bi hilabetez. Asteko konpainia bat hartuko du Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroak eta hura izango da herriz herri ibilbidea egiten ariko dena. Aste honetan, esaterako, Peus de Porc kataluniarrak ibiliko dira geurean: asteazkenean Hondarribian, ostiralean Altzon, eta larunbatean eta igandean bina emanaldi eskainiko dituzte Tolosa eta Zarautzen. Topic zentroko kide Xabier Ormazabalek herritarrak emanaldietara joan daitezen animatu nahi izan ditu: «Batez ere ez gaudelako ohituta kale ikuskizun hauek ikusten eta oso lan polita egiten dutelako. Baita kalean lan egitea ez delako erraza ere; horri bultzada bat eman behar diogu, ea ohiturak aldatu eta orain hasi dugun ekimen hau urterokoa bilakatzen den». Egitarau osoa ikusteko: ww.topictolosa.com.

A.A.

Honi buruzko guztia: Udate