Amalur ARTOLA DONOSTIA
Udate

Donostiako jaietan, goitibeherak eta antzerki amateurra, lehenez

Donostiako Aste Nagusiko programa ofiziala bi berrikuntzarekin dator aurten: Miramonek hartuko duen goitibehera lasterketa eta antzerki amateur emanaldia. Abuztuaren 9tik 16ra bitartean «denetarik eta denentzat» egongo dela ziurtatu dute udal ordezkariek.

Donostiako Aste Nagusia ate joka dabil dagoeneko eta atzo aurkeztu zuten abuztuaren 9tik 16ra bitartean hiria hartuko duten ekitaldien zerrenda. Hiriko alkate Juan Karlos Izagirre eta Udal Gobernuko Kultura arduradun Nerea Txapartegik aurkeztu zuten Aste Nagusiko egitarau ofiziala eta, lehenaren hitzetan, «denetarik dago eta denentzat dago». Orotara antolatu diren 383 ekitaldietatik gehienak kalean izango dira eta, besteren artean, jolasak, musika, gastronomia, bertsolaritza, antzerkia eta kirola izango direla nabarmendu zuten.

«Beti esaten dugu Donostia hiri bizia izatea nahi dugula, kolorez betea, eta Aste Nagusian hau soberan betetzen da», azaldu zuen Izagirrek, eta festak parekideak, euskaldunak, irekiak, herrikoiak eta anitzak izatearen aldeko konpromisoa hartua dutela gaineratu zuen. Udalak hiriko eragileekin duten loturaz ere aritu zen eta, hain zuzen, aurtengo bi berrikuntzak elkarlan horren ondotik sortu direla esan zuen: goitibeherak eta antzerki amateurra. Lehena Urban 13 eta Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren ekimenez antolatu da eta abuztuaren 10ean, igandean, izango da Miramonen. «Goitibeherekin asko eta asko jolastu izan gara eta Donostiaren zati bat ekarriko digu gogora», esan zuen Izagirrek. Ekitaldiaren lehen zatian herritar orok parte hartu ahalko du bere goitibeherarekin eta, bigarren zatian, profesionalen lasterketa ikusiko da.

Antzerki amateurraz Txapartegi jardun zen. «Kultura sustatzea ere bada Aste Nagusiaren egiteko bat, eta iruditu zaigu herritar batzuek antolatu, sortu eta egindako antzerki bat ikusgai jartzeak aberastu egiten duela egitaraua», azaldu zuen. Ekitaldia abuztuaren 13an izango da, Kursaaleko terrazan, eta Txapartegik nabarmendu zuen antzerki amateurraz gain profesionala ere egongo dela, besteren artean euskarazko antzerkiko estreinaldi bat; Iñake Irastortzak, Ane Elordik eta Ramon Agirrek parte hartzen duten «Ehun metro karratu».

Parte hartzeari begira, Donostiako Piraten egitasmoari aipu egin zion Izagirrek egitarau ofizialarekiko «guztiz osagarria» dela agertuz, eta Udaletik «hiri aktibo» baten alde egiten dutela azaldu zuen: «Hiritarrak antolakuntzan inplikatzea nahi dugu, horrela propio bezala bizitzen delako festa». Elkarlan horren erakusgarri, aurten kanoikadan «Artillero» abestuko dutenak hiriko elkarteetako ordezkariak izango dira.

Aipatzekoa da Lakuako Gobernuak La Flamenka gunea muntatzea debekatu ostean, atzo piratek jakinarazitakoaren arabera arazoak konponbiderik gabe jarraitzen duela.

Programazio osoa sarean dago, www.donostiakultura.com helbidean.

Honi buruzko guztia: Udate