GARA DONOSTIA

Elizbarrutia «feudotzat» hartu eta desegitea leporatu diote Munillari ehun apaizek

«Bost urte beteko dituzu aurki Donostiako gotzain bezala, eta ohartuko zarenez, gure Elizbarrutia zatitu besterik ez duzu egin». Hala dio bertako apaiz talde batek Jose Ignacio Munillari idatzitako eskutitzak.

Donostiako gotzaindegira joan zen atzo goizean gutunaren egileetako bat Jose Ignacio Munillari idazkia ematera eta, gotzaina bertan ez zegoenez, han utzi zuen eskutitza. 96 apaizen sinadura darama, tartean 42 erretore eta bost artzapez: Ibon Alberdi, Feliz Azurmendi, Jose Luis Aperribai, Juan Luis Murua, Jose Ignacio Eguskitza, Jesus Zubillaga, Juan Aldasoro...

«Donostia, 2014ko uztailak 14. Donostiako Elizbarrutiaren egoera gero eta tamalgarriagoa ikusirik, Elizarekiko maitasunak eraginik eta gure Elizbarrutia nolako norabide arriskutsuan eta irteera gabean sartzen ari zaren salatu nahirik idazten dizugu Elizbarrutiko apaiz talde batek gutun hau», hasten da testua.

Baketzearen ingurukoak

Bere jokaerarekin, apezpikua kalte handia egiten ari dela azaltzen dute apaizek. «Elizbarrutia feudotzat hartua duzula dirudi, eta nahi duzuna nahi duzun eran egiteko ahalmenaren jabe bakarra eta osoa zarela», egiten diote kritika. «Eliza Ebanjelioaren zerbitzura» dokumentua aipatu izan duela diote, batez ere ministeritzaren hasieran, baina gero, programak eta ekintzak ez datozela harekin bat ikusi dute. Hori ez da onargarria apaiz talde honentzat, ez «eklesiastikoki ez pastoralki».

Adibide ugari jarri dituzte eliz arduradunaren jokaerak eta jarduerak agertzeko: «Seminarioa Iruñera eraman izana; gure herriaren baketze arazoaren inguruan argitaratu duzun zenbait idatzi eta antolatu duzun zenbait ekitaldi eta egin duzun zenbait homilia; zure aurretik jarritako arduradunak, lankideak edota irakasleak zenbait erakundetatik botatzea; beste Elizbarruti batzuetatik, Toledotik batik bat, etorritako zenbait apaiz eta apaizgai -zeuri dagokizun estilo jakin batekoak, noski- besterik gabe hartu izana; kontenplaziozko bizitza `bizkortzeko' aitzakiaz Bergarako klarisen komentura `monja' talde neo-kontserbadorea ekartzea...».

Gero eta erdaldunagoa

Euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriaren «izateari eta egoerari» gero eta garrantzi txikiagoa ematea ere egozten diote apezpikuari: «Gipuzkoako gizartea gero eta euskaldunagoa denean, Elizbarrutian gaztelania gero eta indartsuagoa da», diote, eta Elizbarrutian sartu dituen zenbait apaizek euskaraz tutik ere ez dakitela salatu dute. Are gehiago, «ez dute ikasteko asmo handirik».

Apaizok, «samin handiz», gotzaina Elizbarrutia «desitxuratzen eta desegiten» ari dela-eta testigu dira ezartzen ari den estiloko Elizan «kide asko» deseroso dagoela.

Gaineratzen dute «Ebanjelioaren poza» aipatu bai, baina poz gutxi sumatzen dutela Elizbarrutian. Ebanjelizatze lana zailtzen eta «gure Elizaren izen ona» ahultzen eta galtzen ari dela deritzote, eta iritzi, salaketa, kexa eta aholkuak aintzat hartu behar dituela oroitarazi eta eskatzen diote. Izan ere, gutunaren sinatzaileen esanetan, Eliz elkartean denak dira, nor bere eginkizunaren arabera, arduradun, eta hori kontuan hartu behar du gotzainak.