GARA

Baionako apezpikuarekin bilduko dira giristinoak Peio Ospitalen gaia lantzeko

Baionako elizbarrutiko Giristino Batzarrak agiria kaleratu zuen uztailaren 28an elizbarrutiko etxean 150 pertsona bildu zituen batzarra egin ondotik. Bileraren arrazoia Peio Ospital «lankide boluntarioak» Lapurdi irrati giristinoan «jasan zuena» izan zen. Batzarraren izenean asteartean bilkura bat egitea galdegin diote Marc Aillet Baionako apezpikuari, «berari parte emaiteko izan ditugun solasak eta jakinarazteko sendi izan dugun izpiritua».

Orori irekia zen bilkura horretan «askatasun osoz hitza hartzera» gomitatu dituzte parte hartzaileak eta «anitz sufrimendu plazaratuak izan dira». Bilkura hori egiteko arrazoia Peio Ospital kantari eta irratiko esatari boluntarioari Olivier Drape elizbarrutiko Komunikazio eta Informazio arduradunak Lapurdi Irratiko lokalaren parte handi batean sartzea debekatu izana da.

Baionako elizbarrutiko etxean egin zen bilkuran jakinarazi zen Olivier Drapek Peio Ospitali Lapurdi Irratira sartzeko ezarri zion debekua bertan behera geratu dela. Ondoren, «elizbarrutiko biziari buruz eta bereziki bere gobernatzeko manerari buruz» mintzatu direla azaldu zuten.

Bilkura eragin duen afera uztailaren 16an abiatu zen, Pantxoa eta Peio bikoteko kantari eta Lapurdi Irratiko esatariak etxean Draperen mezulari bat jaso zuenean. Honek irratiko lokalen parte handi batera sartzea debekatzen ziola erran zion. Mezulariak esan zion Drape jaunak deabruan sinesten duela eta, haren ustez, «deabruak bere lana mundu honetan» Ospital bezalako jendearen bitartez egiten duela.

Kantariak gutun bat igorri zien lagun eta ezagunei, debekuaren berri emateko, eta giristinoen zein euskal kulturako hamarka pertsonen babesa jaso zuen.

Arazoa ezaguna egin zelarik bilkura bat egin zuten Ospitalek, Drapek eta Lapurdi Irratiko bi kidek eta debekua bertan behera utzi zuten, agiri bat kaleratuta (irratiko webgunean irakurgai da). Hala ere, debeku honetara eraman duen desmartxak sortu duen ezinegonari buruz mintzatzeko bilkura egin dute elizbarrutiko giristinoek.