GARA BAIONA

Baionako zinegotzi batek iragarki sexista bat salatu eta kentzea lortu du

Martine Bisautak, Baionako zinegotzi eta emakumeen kontrako bortizkeriaren behatokiko presidenteak, ibilgailuen kontrol teknikoak egiten dituen enpresa baten iragarkia salatu du Publizitate Profesionala Erregulatzeko Agintaritzaren aitzinean eta auzia irabazi du. Publizitatea ezarri duen Tarnoseko Dekra enpresak barkamena eskatu du eta iragarkia kendu du.

Salatutako publizitatean emakume bat guztiz biluzik agertzen zen autoen kontrol teknikoari buruzko informazioa ematen. Publizitatea arautzen duen erakundeak ondorioztatu du iragarkiak biluzik den emakume baten errepresentazioa erabiltzen duela horrekin inolako loturarik ez duten objektuak sustatzeko: «Emakumearen gorputza promozio objektuaren funtziora mugatzen du».

Salaketa

Bisautak, bere engaiamendu feministagatik ezaguna denak, ekainean ezarri zuen salaketa erakunde horren webgunean den publizitatearen deontologia epaitegian. Aste honetan jaso du erantzuna, salatutako publizitatea kondenatzen duena.

Estatu frantseseko Dekra enpresak nabarmendu du iragarki hori frankizia batek bere kasa egindakoa dela eta ez dela Estatu mailako kanpaina bat. Aldi berean frankiziako zuzendariari bere «komunikazio arauen kontrakoa» dela jakinarazi dio.

Tarnoseko frankiziako arduradunak Sud Ouest kazetan adierazi du iragarkia egitean «umorez» ari zirela uste zutela, baina akatsa zela ikusita barkamena eskatu du.