Aimar ESNAOLA

Bizkaiko azken maisu jostunen tradizioan murgiltzeko aukera enkarterrietako museoan

Bizkaian tradizio handia izan duen ofizioaren erakusle da Enkarterrietako Museoan ikusgai dagoen erakusketa. Bertan, gaur egun oraindik lan honetan dirauten jostunen jantziak eta diseinuak daude. Tailer tradizional bat irudikatzeko tresneria ere ikus daiteke.

Bizkaiko azken maisu jostunak. Jantziak neurrira egitearen lanbidea» da Sopuertako Abellanedan, Enkarterrietako Museoan, irailak 15era arte ikusgai dagoen erakusketaren izena. Bertan, azken 70 urteetan neurrira jositako arropa ugari ikusteko aukera dago, hala nola trajeak, berokiak, jakak, prakak eta baita kopadun kapela bat ere. Guzti hauek 40. hamarkadatik hona diseinatutako eta jositako jantziak dira. Garai eta estilo ugaritakoak daude museoan bisitarien zain.

Horrez gain, tailer tradizional bat irudikatu dute erakusketan eta lanbidean ezinbesteko diren hainbat tresna daude ikusteko: adibidez, josteko makinak, oihalak eta kapelak edo zapatak egiteko moldeak.

Erakusketa honetan Bizkaian tradizio handia duten jostunek hartu dute parte: Pedro Lopez, Oskar Lopez, Javier de Juana, Gonzalo Cardenal, Derby-Gardeazabal (Rafael Gardeazabal), Iñaki Barkos, Sastreria Juan Zabala eta Juan Antonio Andrade dira batzuk, besteak beste. Gainera, espreski erakusketa honetarako ikus-entzunezko bat prestatu dute Balmasedako Harresi Kulturala elkartekoek eta Enkarterrietako museokoek elkarlanean. Bertan, aipatutako jostunen testigantzak jaso dira, haien tailerretan lanean erakutsiz; beren lanbidearen inguruan hitz egiten dute, duen tradizioa kontatuz, teknikari buruz mintzatuz eta gaur egun ofizioak duen egoera argituz.

1.400 bisitari inguru jaso ditu erakusketa honek eta ateak ixteko geratzen den hilabete eta erdian zifra horrek dezente gora egitea espero dute museoko arduradunek.

Ofizio espezializatu askotan tradizioa da nagusi, belaunaldiz belaunaldi ezagutza pasatzean oinarritzen baitira. Hala ikasi zuten ofizioa, bada, erakusketa honetan parte hartzen duten jostunek.

Juan Antonio Andrade Balmasedan geratzen den azken jostuna da eta bera arduratu da erakusketa hau antolatzen, Javier Barrio museoaren zuzendari teknikoarekin batera. Hamalau urterekin hasi zen ofizioan, bizilagunetako bat jostuna zuen eta. «Goizetan eskolara joaten nintzen eta arratsaldetan jostera», oroitu du. 1987an ireki zuen negozio propioa eta horrez gain, gaur egun Juan Zabalarekin ere lan egiten du.

Javier de Juanak Getxon du bere izena duen jostundegia eta gauza bat du argi du: «Nik jostuna artisaua baino gehiago artista dela uste dut», esan du.

Berak azaldu duenez, lehen jatorri umila zuten jostunek orratzaren teknika ikasten zuten. Jostun famatuen oinordekoek, ordea, mozketa menperatzen zuten soilik, «lan gogorrena jostea da-eta». Gainera, artisautza lan hauetan arazo gehien josteko orduan suertatzen direnez hori menperatzea «ezinbestekoa» delakoan dago. «Gero eta gutxiago dira gaur egun lanaren alderdi hau menperatzen dutenak», nabarmendu du.

Pedro Lopez jostunaren aburuz, «ofizio hau ikasteko adin aproposa 14 urte dira». Horrela, 18 urte betetzerako orratzarekiko nahikoa trebetasun lortzen da eta ebakitzen eta probak egiten has daiteke, azkenean «30 urte inguru betetzerako jostuna izateko».

Lanbide hau ikasteko, gutxienez 10 edo 15 urte behar direla uste du Lopezek. Berak oraindik orain «ikasten eta liburuak begiratzen» jarraitzen duela aitortu du.

Lanbide honek duen balioaren defendatzaile sutsua da. Honen harira «zer dago pertsonalagorik zure soinera eta zure neurrira soilik moldatzen den jantzi bat baino?» galdera luzatu du.