UDATE BETE | BIZIBIZIREN PROPOSAMENA. Urkulu

Hegaztiak gertutik behatu edota kirolerako toki aparta

Ibilaldi bat egiteko, hegaztiak behatzeko, inguruko auzoetako elizak eta baserriak miresteko edota kirol ekintzak praktikatzeko toki aparta da urkulu urtegia. Aretxabaletako (Gipuzkoa) natura gunerik ederrenetakoa da, mendiz inguratutako txoko zoragarria.

Urkuluko urtegia Aizkorri-Aratz parke naturaleko sarreretako bat da. Nekazaritzarekin lotutako balio handiko paisaia naturala da eta oraindik bizirik jarraitzen duen baserriko bizimoduak markatutako erritmoa sumatzen da bertan. Aretxabaletatik kilometro gutxira dago, Kurtzebarri (1.146 m) mendiaren magalean. Xarma handiko lau auzo txiki daude urtegiaren inguruan: Larrino, Aozaratza, Areantza eta Goroeta.

1980. urtean eraikitako urtegi honek Debagoieneko udalerri guztiak eta Eibar herria urez hornitzeaz gain, bertakoei zein bisitariei naturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera ematen die.

Urkuluraino kotxez iritsi daiteke, bertan bi aparkaleku txiki daude, baina gomendagarriena 800 metro lehenago dagoen Otalora dorretxearen ondoan aparkatzea da, han gune zabala dago eta. Bestela, Aretxabaletatik oinez lasai asko abiatu gaitezke nahi izan ezkero. Bizibizikiren txokoan, urtegia inguratuz 6,5 kilometroko luzera duen bidegorrian egin daitezkeen ekintzak gomendatu nahi ditugu aste honetan. BTT zein patinetan ibiltzeko oso leku egokia da. Asfaltatutako zorua laua denez, bizikletan zein patinetan hasiberriak direnentzako praktika gune aproposa da dudarik gabe, baita umeekin lasai asko ibiltzeko ere.

Patinak, kaskoa eta gainontzeko segurtasun ekipamendua jarrita, gustura arituko gara bidegorrian irristaka. Ibilbidearen erdia, gutxi gorabehera, landa guneen ondotik egingo dugu, eta beste erdia basoen albotik. Oinez doazenek, ariketa fisikoa egiteko hainbat gune topatuko dituzte, ariketak nola egin azaltzen duten argibide-taulak eta guzti. Mendiko bizikletan ibiltzea gustuko dutenek, zailtasun handiagoko ibilbide bat egin dezakete. Urkulu urtegiko mendi inguruak, landa guneak eta Aretxabaleta eta Arrasateko zenbait elizate ezagutzeko aukera paregabea da BTT zirkuitu zirkular hau. Ibilbidea ez da oso luzea, 22,6 km dira, baina zati batzuetan zailtasun maila altua da eta esperientzia edukitzea eskatzen du. Zirkuitu osoa ondo seinaleztatua dago. Hasiera puntua eta helmuga Aretxabaletako Basabe industria-gunea dira (Azbe lantegiaren ondoan). Bidegorriaren zati batean, ezintasun funtzionala daukaten pertsonei egokitutako ibilbide bat egin daiteke. 805 metroko luzera dauka guztira, urtegiaren ertzetik, eta gurpildun aulkiekin erraz joan daiteke.

Kirola praktikatu ondoren, hegaztiak behatzeko gune aparta da Urkuluko urtegia. Neguko hotza pasatzeko aukeratzen dute hegazti batzuek ingurune hau: basahateek, kopeta-zuriek, antzarek, lertxun hauskarek... Eta beste hegazti asko ohiko bisitariak dira urteko sasoi horretan. Udaberrian ere hegazti ugari izaten da, ugalketa sasoirako etorriak. Adituek diotenez, urtean zehar Urkulun 125 hegazti mota ikus daitezke, eta horietatik 36 galzorian daude. Urtegiaren ertzeko zenbait puntutan hegaztien behaketarako pentsatutako egurrezko estruktura eta plataformak daude. Prismatikoak hartu eta zorte pixka batekin natura-ikuskizun bikaina parez-pare izango dugu. Informazio gehiago Aretxabaletako Udalaren web orrian: www.aretxabaleta.com

www.bizibiziki.com