Iosu ITURRIOZ DONOSTIA

Lekeitioko Zinemazaleen Elkartea gustura, Ikusgarri Zinemak herrian izan duen harrerarekin

Dozenaka herritarrek lagunduta, Zinemazaleen Elkarteak Lekeitioko Ikusgarri Zinemaren mantentze lanak beren kargu hartu eta hamar hilabetez itxita egondako aretoa, maiatzean berriz ireki zuen.

Zinemazaleen Elkarteak pasa den maiatzean Lekeitioko Ikusgarri Zinemaren ardura hartu zuenetik, batzordeko kideek herritarren jarrerarekin «oso gustura» daudela azaldu dute.

2013ko abuztuaren azken asteburuan, Lekeitioko Udalak Ikusgarri Zineman eskaintzen zen filma azkena izango zela jakinarazi zien herritarrei.

Fides Norte S. Coop enpresaren esku zegoen aretoa ixteko arrazoi nagusiak bi ziren. Batetik, bertako langileen soldatak ordaindu ezina eta, bestetik, zinema proiektore berria erosi beharra. Enpresak gastu horiek bere gain hartzeko dirurik ez zuenez, aretoaz arduratzeari uko egin zion.

Egoera horren aurrean, Udala eta herritarrak irtenbide baten bila hasi ziren. Lekeitio zinema aretorik gabe geratzeak ekarriko lituzkeen arazoez jabetuta, elkarren artean harremanik ez zuten lau pertsona elkartu eta Zinemazaleen Elkartea sortu zuten.

Batzorde honetako kideen esanetan, «zinema jakintza eta kultura iturri oso aberatsa da» eta Lekeition beronen biziraupenaren aldeko apustua egitea «beharrezkoa» da. Horregatik, Lekeitioko zinema irekitzearen aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte: batzarrak, kontzentrazioak, mahai-inguruak, besteak beste...

Azkenean, Udalarekin hitzarmena lortu eta Ikusgarri Zinemaren kudeaketa laukotearen esku geratu zen. Argi dute egitasmo berri honek «esfortzu handia» eskatuko diela. Hala eta guztiz ere, egoera berri honen aurrean «gogotsu» daude.

Lehen unetik helburu nagusi bat finkatu dute. «Jomuga ez da dirua irabaztea, baizik eta Ikusgarri aretoa berreskuratzea, zinea kultur gertakizuna dela uste dugulako».

Gauzak horrela, herritarrei harpidedun egiteko eskaera egin diete. Batez beste, proiektua aurrera irteteko 400 bazkide behar zituzten eta, herritarren eskuzabaltasuna bitarteko, 532 bazkide lortu dituzte. Ondorioz, Zinemazaleen Elkarteko David Madarietak «hasiera batean proiektu hutsa zena, egia bihurtu» dela baieztatu du.

Behin erabaki garrantzitsu hori hartuta, zinema proiektore berria erosteko unea iritsi zen. Udalak elkarteari emandako diru laguntzarekin eta herritarren bazkidetzarekin lortutako diruarekin, guztia martxan jarri dute.

Azken bi hilabeteetan, elkarteko kideak jo eta su aritu dira lanean, hasieratik aditzera eman duten beren helburua lortzeko borrokatuz: «Lekeitioko zinea bizirik mantentzea».

Hasiera batean, 2017. urtera arteko kontratua dute, baina, horrela jarraituz gero, lekeitiarrek luzerako izango dute zinema.

Euskara «sustatzea» dute helburu nagusi

Zinemazaleen Elkarteak Udalarekin gauzatutako hitzarmenean euskara sustatzea da puntu garrantzitsuenetarikoa. Bi erakunde hauek Ikusgarri zineman euskarazko film gehiago proiektatzea adostu dute. Azken batean, biek ere Lekeition euskara sustatzearen aldeko apustua egin dute.

Halaber, Zinemazaleen Elkarteko kideek «ia berrogei urtetan euskara hutsean gauzatzen den Euskal Herriko zinemaldi bakarrak egoitza gure herrian izatea» nabarmendu dute.

Horrenbestez, ideia honen aldeko apustua egiten jarraitzea beharrezkoa dela uste dute.