Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren interpretazioak

Musikaria interpretatzailea da berea ez den abestia jotzen duenean, berea denean egile-interpretatzaile. Beraz, musikari guztiak dira, gutxienez, interpretatzaile zuzenean jotzen dutenean. Baina interpretatzaile terminoak gordetzen du bere barruan antzerkigintza izaera, hau da, musikariak nola antzezten duen, nola mugitzen den, nola egiten duen dantza, ze psikomotrizitate duen, nola aurkezten dituen joko dituen abestiak, nola komunikatzen den edo ze portaera duen taula gainean musika jotzen ari dela jende aurrean. Musikari egile-interpretatzailea ez da soilik musikari hutsa agertoki gainean dagoenean. Kantuak apainduta datoz oholtzaren goiko partean. Segun zer-nolako janzkerarekin datorren abestia, gusturago sartuko da, edo joan daiteke ere kontrako eztarritik, eta kantuari buruzko edota diskoan datorren kantuari buruzko iritzia, goitik behera aldatzea egile-interpretatzaile itxura eskasagatik. Edo segitzea maitatzen abestia ezagututako disko euskarrian, eta haren sinbologia kimerikoa osatu, ahaztuta ikusitako zuzeneko interpretazioa. Zuzenekoetan, toki eta espazioaren abstrakzio-gaitasun apur batekin, begiak itxi eta sentsazioen bila joan behar du ikusleak. Gero, begiak ireki eta inguruaren eta taula gaineko hausnarketa egin ondoren, errealitateari buruzko iritzia osatu. Hemen adibideak, 49. Jazzaldian oinarrituta. Ray Davies-ek dagoeneko ahots erlastua du, ezin ditu defendatu kantuak, itxura ere beheraka. Ez du balio esateak kantuek dutela xarma, horretarako jarri diskoa. George Clinton-ek gutxi abestu bazuen ere (72 urte), ikuskizun itzela oparitu zuen musikarekin batera. Delorean-ek eskainitako saioa, bikain musikan, baina kantariak ez du jarrerarik, hotz uzten zaitu; teklatuak, aldiz, bero; orduan, gehienetan, begiak itxi eta entzutea nahiago.