GARA

13.000 langile autonomo berri daude Euskal Herrian, tarifa finkoari esker

Euskal Herrian 13.000 lagunek baino gehiagok langile autonomo izatea erabaki dute, Madrilgo Gobernuak ezarritako tarifa finkoari esker. EAEn 10.175 langilek heldu diote PPk onartutako errege-dekretuari, bere kabuz lan egiten duten langile berriek Gizarte Segurantzari 50 euro soilik ordaindu behar izango diotela dioena. Nafarroan, berriz, 3.261 herritarrek bat egin dute Rajoyren ekimenarekin.

EAEko langile autonomo berrietako 4.206k 30 urtetik behera dituzte, eta 5.969k, 30 urtetik gora. Halaber, Nafarroan, 1.336 langile autonomo 30 urtetik beherakoak dira eta 1.925ek adin hori gainditu dute jada. Estatu mailan, 267.974 herritar langile autonomo bilakatu dira azken hilabeteetan. 109.287 30 urtetik beherako lagunak dira.

Rajoyren Gobernuak 2013ko otsailean onartutako autonomoentzako 50 euroko tarifa finkoa gazteei zuzendutako 2013-2016 Lan Estrategiaren baitakoa da. Hasiera batean, estrategia osatzen duten ekimenek gazteen kontratazioa bultzatzea zuten helburu. Hala, gazteek pairatzen duten langabezia tasa murriztu nahi zuen Madrilek. Alta, gero legea zabaldu zuen 30 urtetik gorako pertsonen lan integrazioa ere errazteko.