Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Azenarioak Iznogudentzat

Hausnarketarik arruntenak adierazten duen bezain asaldagarria ez balitz, Mesopotamia iparraldean gertatzen ari denak «Iznogud» komikiaren liburuki berri baten argumentua lirudike. «Iznoguden anaidia» edo horrelako zerbait, non bisir handi erretxinak anaia mordoa izango lukeen, zein baino zein gaiztoagoa, anbiziotsuagoa, krudelagoa, setatiagoa... eta zorigaiztokoagoa!

Izan ere, Iznoguden anaiak dirudite batzuek. Gaiztotasunean eta zorigaiztokotasunean. Duela urtebete-edo, Abu Bakr al-Baghdadi -«Ibrahim kalifa», orain- delako horrekin Sirian hartutako argazkietan Harun al-Puxa kalifaren aurpegiarekin irribarretsu ageri den J. McCain senatari eta lehendakarigaia, adibidez. Baina asuntoak, zinez, txantxetarako aukera gutxi eskaintzen du. Duela bi aste ISIS, Estatu Islamdarra edo dena delakoaren ekintzaileak Mosuleko urtegiaz jabetu zirenean ohartu ziren batzuek... beraiek ere, eta ez soilik Bagdadeko Gobernuak, arazo larria zutela. Mosul hiria bera erakunde horren eskuetan egotea baino larriagoa, agian. Eta hortik abiatu da zalaparta.

Mosulgo urtegia, 80ko hamarkadan eraikia, munduko azpiegiturarik arriskutsuenetakoa da. Suntsituz gero (eta erraztasunak eskaintzen ditu horretarako), hiritzar osoa eramango luke aurrean. Eta gero, ondorengoak, Tigris ibaiari jarraiki, Bagdad bera eta petrolio zelaiak barne. 2003ko inbasioaren hastapenean, urtegia kalterik gabe eskuratzea izan zen estatubatuarren lehen helburuetako bat, gerrillari kurduen laguntzarekin lortu zutena. Harrezkeroztik, hauen kontrolpean egon da azpiegitura.

Baina islamisten ofentsibari aurre egiteko baliabide nahikorik ez zutenez, gaur hamabost, tirorik jo gabe utzi zuten peshmergek Mosulgo presa EIkoen eskuetan. Horri esker lortu bide dute, haatik, kurduek 1945. urteaz geroztik, baita 1991ko gerraren ondoren Saddami aurre egiteko ere, ukatu zitzaiena: arma astunak. Inoiz eduki ez dituztenak. Orain ere, tantaka jasoko dituztenak. Jasotzen badituzte. Izan ere... zer ote deritzo Turkiak horri? Zergatik ez dute hartu erabakia Mendebaldeko potentziek horretarako duten antolakundean, NATOn?

Alta, Iznoguden komikietako batean aurkituko duten alternatiba erabil dezakete gure «estrategek»: azenarioz bonbardatu jende gaizto hori. Azenarioak jaten dituena zintzotu egiten omen delako...