Iraia OIARZABAL

Euskaratik eta euskaraz, azken agur zinez beroa eman diote Inazio Agirreri

Ikurrinaz betetako Tolosako hilerriaren atarian arimarik sartzen ez zela eman zioten azken agurra atzo Inazio Agirre ezker abertzaleko kide eta euskaltzaleari. Euskarak, euskal kantek eta dantzek bete zuten omenaldi xumea; ezin zuen bestela izan. «Euskal Herri aske eta euskalduna» zuen amets eta helburu eta berekiko zor hori kitatzeko promesa berretsi zuten bertaratutakoek.

Gauza jakina zen euskaratik eta euskaraz sortutako Euskal Herri burujabe bat zuela helburu Inazio Agirrek, hala azpimarratu zuten atzo jaioterri zuen Tolosan egindako agur ekitaldira bertaratu ziren senide, lankide, bizilagun eta alderdikideek. Joan den igandean zendu zen Sortuko kidea bizikletan zihoala izandako istripu baten ondorioz, eta bere hutsuneak utzitako samina ezin ezkutaturik agertu ziren guztiak, baina, aldi berean, lekukoa hartu eta berak hasitako bideari jarraipena emateko borondate osoz.

Azken hamarkadetan bidelagun izandako alderdikide ugari bertaratu ziren omenaldira, besteak beste, Karmele Aierbe, Joseba Alvarez, Joxean Agirre, Amaia Izko, Marije Fullaondo eta Itziar Aizpurua; baita Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Iñaki Irazabalbeitia Aralarreko ordezkariak ere. Instituzio ezberdinetatik ere izan zen ordezkaritzarik, tartean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Xabier Olano, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Xabier Isasi legebiltzarkidea, eta Ibai Iriarte Tolosako alkatea, eskualdeko beste hainbat udal ordezkarirekin batera.

Agirrek euskalgintzan eta politikan egindako lana eremu ezberdinetara hedatu zen bezala, zabala izan zen bere azken agurrean bildutakoen ordezkaritza. Esaiteko Martxel Toledo eta Itziar Arratibel eta kulturgintzako elkarte eta ordezkari ezberdinak batu ziren bertan.

Tolosako Udaberri dantza taldean lagun izandakoek eta bere suhiak eskaini zioten aurreskua. Izan ere, euskaltzale, kantuzale eta inauterien zale amorratua, kultur arloan eta herrian ezaguna eta oso maitatua zen Agirre. Keinuek, hitzek eta baita ere isiluneek erakutsi zuten atzo estimu horren tamaina.

Eskertza keinuak

Agirreren heriotzaren berri izan osteko orduetan sarean zabaldutako mezuek jarraipena izan zuten atzokoan ere. Politikan zein euskalgintzan egindako lana, bere «konpromisoa eta kemena» goraipatu zituzten Lizardi Kultur Elkartearen izenean mintzatu ziren bi ordezkariek. Arlo horretan ere bidelagun izan zuten Agirre, eta orain, elkarrekin jorratutako borrokari jarraipena ematea dagokiela nabarmendu zuten.

«Euskararen alde eginahalak eta bi egin zituen», aitortu zuten. Horretan eman zuen bizitzaren tarte handi bat, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen sorreratik hasita 1979. urtean, Donostiako udaleko euskara patronatuko zuzendaritzan jarraitzeko. Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB), Kontseilua eta Uema sortzeko lanetan ere izan zuen paperik «euskaltzale amorratu» honek.

Politika arloan, ezker abertzalearen euskara lantaldean ere sutsu aritu zen, Joseba Alvarez Sortuko kideak gogora ekarri zuenez. «Estatu euskalduna» zen Agirreren xedea, horregatik defendatzen zuen «euskararen aldeko politika sinbolikoak» ez direla nahikoa. Helburu hori erdieste aldera egindako ahaleginak ez ziren makalak izan Alvarezen ustez. Bidean, kideei «ikasgai handiak» utzi dizkiela ere aitortu zuen. Garrantzitsuena, sinisten zuenarekiko «koherentziarena».

Tristura eta emozioa nabarmenak ziren arren, bertaratutakoek etorkizunari keinu baikor bat ere egin nahi izan zioten. «Euskal Herria aske ikusi gabe joan zaigu. Baina, Euskal Herri askea eta euskalduna zor diogu Inaziori. Berari eta beste askori», adierazi zuten Lizardi Kultur Elkarteko ordezkariek. Horregatik, Agirrek jarritako lehen harriei hurrengoak jarriko dizkietela berretsi zuten.

Xabier Lizardiren eta Xabier Leteren hitzekin amaitu zen ekitaldia, eskertza modura Agirreren semeak hitza hartu baino lehen. «Nazioa, berpizte berria / bihotz begietan Euskal Herria» diote Inazio Agirrek berak idatzitako hitz batzuek. Urteetan zehar egindako lanaren eta lortzea helburu zuen ametsaren adierazgarri direnak.

Etxekoek ere nahi izan zuten luzatu jarraipenerako deia. Aitaren galeragatik triste eta jasotako maitasun eta eskertza keinuengatik hunkitutako semeak hala eskatu zuten: «Segi aitatxok lan egiten zuen eremuetan».