Amaia GARTZIA
UDATE BETE

Barnealdeko ur gezetan murgilduz

Hondo esmeraldak urdinen parean, bertan murgiltzeko bat-bateko apeta sortzen dute berdea nagusi izan ohi duten erreka, ibai, igerileku natural, aintzira edo lakuak bezalako toki oparoek. Barnealdeko udako eskaintza dira.

Gaur egun kostaldea «urrun» izan ez arren, autoari edo garraio publikoari esker, barnealdean bizi izanagatik ere, egon izan dira beti gorputza freskatzeko moduak udan. Mendi eta basoetan galduak batzuk, turistikoagoak besteak, nudistak zenbait, naturalak, artifizialak, epelak, hotzagoak, jendetsuagoak, bakartiak... eskaintza ugaria dela ezin da ukatu ur gezatan bainatzeko hautua egiten badugu.

Areatzan (Arraia-Maeztu, Araba) jende ugari erakartzen duen eskaintza da Zekuianoko hondartza. Laminoriako Erret Haranaren magalean, Izkiko Parke Naturaletik ere gertu. Izaki mitologikoren bat gordetzen dutela diruditen ur berde ederrak dituen urmaela dago bertan, eta inguruko besteak ez bezala harea du. Berez, hondartza nudista izan da betidanik, nahiz eta nudismoa egiten ez duen jendea ere joaten den bertara. Ezaugarriak ditu hareharrizko muino handiak.

Azken urteetan gero eta jende gehiagok bisitatu ditu parajeok, garai batean egin zen sustapen lana dela-eta, baina badira pare bat urte lehengo erabiltzaile kopuru ez oso handira itzuli dela.

Gasteiztik urrunago, Opakuako mendatea igota, Entzia mendizerran kokatzen da Iturbatzeko presa, edo «Alemaniarrena» izenez ere ezagutzen dena. Entzia mendizerra zeharkatzen duen asfaltozko bidea utzita eta basoan barreneko bidezidor labur bat hartuta iritsiko gara mendian bertan dagoen txoko horretara. Gerizpea topatzea ez da arazoa Iturbatzen, hori da orobat leku horretara jende asko erakartzen duena.

Hori bai, bertako ur ezin berdeagoan beste lakuetan baino bizi gehiago topatuko du bisitariak, beraz, ez da mainatientzako aukerarik egokiena. Soilgunea atzean utzita, bidexkari jarraitzen badiogu iturburua topatuko dugu.

Igerileku naturalak beste aukera bat izaten dira. Itzalpea eta berdegunea ziurtatuak dituzte, baina batez ere, ur hotzek erakartzen dute jendea, egun sargoritsu batean gorputzeko tenperatura hoztu eta erlaxatzeko bide ematen dutenak. Espejon (Añana, Araba), Omecillo ibaian eratzen dira batzuk. Egun-pasa ibiltzeko aukera ezin aproposagoa eskaintzen dute, aparkaleku handiak baitaude ibaiaren bi aldeetan, eta banku, mahai eta erretokiak dituen gune bat, zuhaitz artean bertan bazkaltzeko, baita txikienentzako parkea ere.

Igerilekuen antzera, istilek antzinako xarma izaten dute, igerileku hitza asmatu aurrekoa, eta bainatzeko errekak erabiltzen zirenekoa. Zaldibartxo izenekoak ezagunak dira oso Gasteiz aldean, Gorbeian jaio eta Sarrian eratzen direnak. Ur gardenek ibaiko edozein txoko aztertzen uzten dute, eta arroka artean etzateak beste ikuspegi bat bermatzen du.

Urtegietara jauzi egiten badugu, nagusietan nagusienak dira Uribarri Ganboa, Urrunaga eta Maroñoko zingira ezagunak. Lehenengo bietara beste eskualdeetako jende andana hurbiltzen da, eta beti topa daiteke eguraldia gorabehera, larrean deskantsatzera, bainu bat hartzera edota kayak-ean kirol pixka bat egitera doan norbait. Haatik, hain dira zabalak, ezen ezinezkoa baita afluentzia handiko egunetan ere tokirik ez topatzea. Beraz, hondartzen aldean, abantaila hori aipagarria da, toaillan etzanda ondoan gertu-gertu inor ez baduzu izan nahi. Uribarri Ganboakoak bi hondartza nagusi ditu, Landa eta Garaio herrietakoak, hain zuzen. Biak ala biak politak diren arren, Maroñokoak eskaintzen du postal bateko irudia, benetan ederra, Gorobel mendizerra (Sierra Salvada) atzean duelarik, eta Arabako ezagunenetakoa da bera. Aiaraldeko paraje honetan, baina, debekatuta dago bainatzea.