Iosu ITURRIOZ
UDATE BETE

Baserria eta atsedena uztartuz

Opor garaia da uda, baina baserriak eta landak ez du oporrik hartzen. Baserritarrek atseden har dezaten, hainbat nekazari elkartek ordezkapen lanak egingo dituzten langileen zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Udan guztiok atsegin dugu oporrak hartzea. Urte osoko lan gogorraren ostean eta eguraldi ona lagun delarik, deskantsua eskertzen da. Langile guztiek ez dute, ordea, jai egiteko aukera. Baserria lantoki dutenek, ederto dakite urteko egun bakar batean ere ezin dutela euren lana alboratuta utzi, besteak beste animaliek eguneroko zaintza ezinbestekoa dute-eta.

Udan gainera, baserrian lana ugaritzen da, batez ere baratzean jarduten dutenentzat; izan ere, ereindakoak jasotzeko aparteko sasoia da. Piperra, tipulina, azalorea, azaburua, eskarola, espinaka, leka, kalabazina, porrua, tomatea, azenarioa, erremolatxa gorria eta beste hainbat barazki jasotzen dira udako hilabeteetan, eta ondorioz, nekazariek landareak gozatzen eta haiek emandakoa jasotzen ematen dituzte egunok.

Horiek horrela, duela urte batzuetatik hona, hainbat nekazari elkartek -Ehnelur, Lurgintza, Lorra...- baserritarrek jai egunak egin ahal izateko ordezkaritza zerbitzua martxan jarri zuten.

Zerbitzua eskaintzeaz arduratzen diren kooperatibei esker, baserriko lanak aurrera eramateaz arduratuko diren ordezko langileak abeltzainen etxeetara joaten dira. Egunean, batez beste, zortzi ordu lan eginez baserriko oinarrizko lanak -abereei jana eman, baratzea zaindu, behiak jetzi...- egiten dituzte. Hortaz, aldez aurretik lanak zehaztu eta baserritarrek beren bizilekuetatik ihes egin eta egun batzuetan deskonektatzeko aukera dute. Zerbitzu hau eskaintzen duten elkarteen eta baserritarren artean zehazten dituzte baserrian egin beharreko lehentasunezko lanak eta horiek agindu ordezkapena egiten duen langileari.

Erlantz Otamendik dagoeneko urtebete pasatxo darama lanean zerbitzu hau eskaintzeaz arduratzen den Ehnelur kooperatiban. Lehendik ere baserrietako lana ez zitzaion arrotza gazteari, aurrez sei urteetan bere arrebaren baserrian lanean ibilia zelako eta baserriaren gorabeherak ezagutzen zituelako. Esfortzu handia eskatzen duen beharra dela uste du, baina baserrian aritzea gustuko du eta horrek errazten dio egunerokoan dituen egitekoak.

Egun, Ehnelur elkarteak ordezkapen zerbitzuetarako duen langile bakarra da Otamendi. Bere esanetan, baserritar bakoitzaren ohituretara egokitzea da, agian, ordezkapen hauetan duen lanik mardulena: «Baserri bakoitzean beren ohiturak dituzte, urteetan errepikatu dituztenak, eta horietara egokitzea beharrezkoa» da; hori egin ezean, jendeak ez baitu zerbitzua errepikatzen. Bere ustez, jabeek zerbitzu on bat jasotzeko ordaintzen dute, eta hortaz, zerbitzuak paregabea izan behar du.

Ordezkapen lanak egitean, beraz, «irekia» izatea komeni dela uste du Otamendik: «Askotan gauzak niri gustatzen zaizkidan moduan egin beharrean, jabeen gustuen arabera egiten ditut, haiek egiten dituzten moduan». Batera edo bestera, bere kargu utzitako landareak eta abereak bere «mimo guztiarekin» zaintzen dituela ere onartzen du, baserritarrak jarritako konfiantza asetze aldera.

Atseden egunak hartu nahi dituen baserritarrari ez ezik, halabeharrez baserriko lanak utzi behar dituenari ere lagundu behar izaten dio Otamendik, gaixotu eta atseden hartu behar duenari, esate baterako. Horrezaz gain, ordezkapen lanik ez den garaietan, baserritarrei beren eguneroko lanak egiten laguntzen die: belarra mozten, abereak zaindu, eta abar.

Zerbitzu egoki eta erabilgarria izanagatik, oraindik ere erreparoak izaten dira. Otamendik dioen moduan, hainbat baserritar beren lana «ezezagun» baten esku uztearen beldur dira; izan ere, eurek atseden hartzen duten bitartean beren konfiantza osoa ezarri behar dute beren etxeetan lanean gelditzen direnengan.

Erreparoak erreparo, sortu zenez geroztik proiektu honetan gero eta baserritar gehiago interesatu dira. Adibide gisara, Lorra nekazaritza eta abeltzaintza zerbitzuaren datuak baliagarriak dira. Haien arabera, 2012. urtean, kooperatiba honek zazpiehun eta hogeita hamazazpi lanegun ordezkatu zituen. Hau da, Bizkaiko nekazaritza ustiategietan guztira hirurogeita hamaika ordezkapen zerbitzu -berrogeita hamabost oporrengatik eta hamasei istripuengatik, gaixotasunengatik eta amatasun-bajengatik- eman zituen.

Baserritarren ikuspuntua

Zerbitzuaren beste aldean dago Eneko Karrera baserritarra. Amezketarrak baja eta oporrak direla bitarteko, jada hainbat egoeratan jo du Ehnelur kooperatibak eskaintzen duen zerbitzua kontratatzera.

Karrerak eta bere egoeran aurkitzen diren gainerako baserritar guztiek, oporren kasuan egun kopuru zehatz baterako bakarrik eska dezakete langile baten ordezkapena. Bajen kasuan, berriz, gaixotasunaren araberakoa da langilearen lan egun kantitatea.

Ordezko langile bat eskatzearen prozesua erraza dela aipatzen du Karrerak. Behin erakundeari hots eginda eurak arduratzen baitira langilearen egutegia antolatu eta baserritar bakoitzaren beharrei erantzuna emateaz.

Orain artean ez du kexurik, baserritar amezketarra bere Lizeaga baserrira lanera joandakoen zerbitzuarekin «oso gustura» geratu izan da. Normalean bere etxean izandakoak lehenago baserriko lanean arituak direla azaldu du, eta ondorioz, beren lana ezin hobeto egin dutela. «Nire baserrira etortzen direnak, batik bat, egunerokotasuneko lanetan ibiltzen dira. Esne behiak ditudanez, behiak jetzi, jana eman eta ukuilua txukuntzen ere ibiltzen dira», azaldu du.

Amezketarrak dioenez, joan-etorriko zerbitzu honek baserritarrei funtsezko bi ate irekitzen dizkie; batetik, oporrak hartzea eta bestetik, «are eta garrantzitsuagoa», lanerako egoera desegokian aurkitzen diren kasuetan beren zereginez arduratuko den langile baten laguntza ahalbidetzea.

Eguraldi txarra, uzta ere halakoa

Eguraldiarena aurtengo udan guztion ahotan ibili den gaia da. Egunak joan eta egunak etorri, eguzkia lainoen artean ezkutatua egoteak guztiok bultzatu gaitu horren inguruan mintzatzera. Zeresanik ez, urteko egun guztietan zerura begira egoten diren baserritarrez. Uda garaian ez ezik, urte osoan bizi dira baserritarrak eguraldiari begira; azken batean, beren lana aurrera eramateko baldintza jakin batzuk ezinbestekoak dituzte.

Eneko Karreraren iritziz, aurtengo udako eguraldia belarra ateratzeko urte ona izan den arren, ez dago batere gustura gurean egin duen giro txarrarekin. Bere hitzetan, belarra jasotzeko orduan eguzki gutxi izan da eta ondorioz, belarra ez da behar adina lehortu. Gauzak horrela, belarra zakartu da eta kalitatea galdu du. Bestalde, eguzki gutxi izateak larrea ahula izatea dakarrela ohartarazi du.

Baratzeari dagokionez, urte oso hezea izan denez arazo asko suertatu zaizkie; besteak beste, herdoilak eta gorriak jota tomateak izorratu zaizkie eta genero asko galdu dute. Baserritar amezketarrak «aspaldian eguzki eske» daudela aitortzen du. Karreraren aburuz, «aspaldi honetan bustia egiten duenean busti luzea egiten du eta lehorra egiten duenean lehor luzea». Honenbestez, erdibideko eguraldia beharko luketela aipatzen du, «bai denbora luzeko eguraldi txarrak bai eta denbora luzeko eguraldi onak» baserritarrei «kalte handiak» dakarzkiela aitortzen baitu.