Mikel Zubimendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Bisioa zorroztu, misioa zehaztu

Ez, ez dut sinisten San Joan suaren bueltan denok eskutik helduta eta elkarrekiko atsegin izango garen «Kumbaya Euskal Herria» batean. Sinistu nahi dut, baina, elkarrizketa heldua, egiazkoa, ahalbidetuko duen kultura politiko bat eskuratzeko gai izango garela. Besteen ekintza eta ikuspuntuekin ados ez egonagatik ere, inor ez dugula pertsonalki kritikatuko eta irainduko. Zinezko ideien truke horretan aurrean ditugunak ulertzen, aitortzen eta haiekin enpatizatzen saiatuko garela, honela, aurreiritziek barnetik janda gure usteak ustelduko ez direla. Sinistu, Euskal Herri berri baten etorkizuna pentsatu, imajinatu eta bizitzeko gai izango garela. Euskal herritarrentzat autodeterminazioaren ekologia bat, bere espazio eta tresnekin sortzeko gai izango garela. Ideologiari garrantzia eman eta esperantzari bitartekoak emango zaizkiola, jendeari ahotsa eta boterea, umoreari eta ametsaren ildoari merezi duten errespetua.

Euskal Herriaren etorkizuna orain ari dela forma hartzen sinisten dut. Izango dituen balio eta lehentasunak jokoan daudela eta aukera paregabea dugula zein oinarriren gainean eraikiko den erabakitzeko. Momentu hau elkarrizketa serio eta elkarrekiko errespetuan egitekoa dela. Eta alderdi-uniformea daramaten soldaduei gogorarazi behar zaiela ideien borroka dela hau, ez kontrolerako edo higadura pertsonalerako guda bat.

Sinisten dut, sinisten dudanez, estrategia eta taktika kalapitetan trabatu baino, txikikerietan kateatu baino, gure herria asko hazi dela eta bere buruarekin elkarrizketa inteligentea, kategoriazkoa eta edukatua egiteko gai dela. Estrategia baino lehenago horizontea, ikuspegia, bisioa dagoela sinisten dut. Eta, taktikak baino, ikusten dugun horrek ematen diola zentzua misioari, zertarako eta zer egin galderei erantzuna.

Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta soziala marrazteko bisioa behar dela. Gehiago eraikitzeko gehiago banatu, irabazleak dena hartuko ez duen jokoa, produktiboagoa, sozialki berdinagoa, berritzaileagoa, konpetitiboagoa, herritarrak zoriontsuago nola egin erakutsiko duena. Bisioa, urrutiko gogomira, post-it-etako zereginetatik haragokoa eta politikakeria oroz gaindikoa.

Beti dago etorkizun bat baino gehiago. Inork ez daki zer gertatuko den gero. Baina jendeak bisioa argi badu, aldaketa nola egin asmatzeko jakintza eta ahal dugula ikusteko konfiantza, orduan bai, dena irabazteko, azkar gainera.