Aimar ESNAOLA
UDATE BETE | IBILALDI PROPOSAMENA: Ixabel Etxeberria

Lapurdi, gure historia beltzaren erakusle

Gaurkoan ibilaldi desberdin bat dakarkizuegu. Udako txangoek askotan naturarekin dute zerikusia; ibilaldi freskoak dira, mendialdean edo kostalde inguruan zehar ibiltzeko. Honako honetan, ordea, kale artera joango gara; eta gure lorratzen atzetik datorren orok gure herriaren historia beltzenarekin egingo du topo. Lapurdin jarri dugu hitzordua, Donibane Lohizune eta Ziburun, hain zuzen ere, herri hauetan barneratuko baikara.

Donibane Lohizunen dugu hitzordua, bertan eta Ziburuko kaleetan ibiliko baikara gaurkoan Ixabel Etxeberriaren pausoei jarraiki. Edozeinek proposatu lezake txango tipiko bat inguru horietan, turismoak indar handia du-eta. Horregatik, ohiko paseotxo bat nahi duen orok bisita ditzake hondartza, portua, Santa Barbara itsasargia, itsasertzeko Paul Jovet baratze botanikoa edota Bordagaingo Andre Mariaren eliza zaharra Ziburun.

Baina, ibilaldi berezia da Ixabelek proposatu nahi diguna; gure historiaren, baita haren alderdi ilunaren hainbat txoko erakutsiko dizkigu berak, gehienak itxuraz arruntak direnak, baina beren historia berezia gordetzen dutenak.

«Deigarria da oso horrelako eremu txikian, ondoan dauden bi herritaz ari baikara, hainbeste gertakari eta hainbeste hildako egon izana. Askotan, gainera, ezagutzen ez direnak edo ahantziak izan diren kasuak dira hauek», dio Ixabel Etxeberriak; hori da hain justu gaurko ibilaldiaren gakoa. Donibane Lohizuneko eta Ziburuko kaleak zeharkatuko ditugu Euskal Herriko gatazkak inguru horretan utzi dituen biktimen azken momentuak gogora ekarriz. Horrela ba, Donibaneko hilerritik hasita, Jose Antonio Agirre hor ehortzita baita, kalez kale joango gara atentatuen eta gerra zikinaren aztarnak bilatuz eta oroituz.

Autoa Duconte kaleko aparkalekuan utzi ondoren, handik gertu den Haize Errota hilerrian hasiko dugu goiza, aipatu bezala, Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren gorpua bertan lurperaturik dago eta. Horren harira, Iturralde bide nagusia hartzea izango da hurrengo pausoa, eta horrela, Thiers etorbidean Agirreren omenez paratutako eskulturara eramango gaituzte gure urratsek. Hor ondoan, gainera, Mende Berri etxea dago: «Bertan bizi izan zen haren heriotzara arte Telesforo Monzon euskal politikari eta poeta», diosku Ixabel Etxeberriak.

Lapurdira eginiko bisita honen tonua hortik aurrera aldatu egingo da, ordea: euskal abertzaletasunaren eredu diren pertsonen oroigarrietatik eraso terroristen biktima izan ziren beste batzuen aztarnaren atzetik ibiliko baikara orain. Thiers etorbidean jarraitu behar dugu Sopite kalera heldu arte. Bertan, gaur egun pizzeria bat dagoen lekuan, La Consolation ostatua zegoen kokaturik, «abertzale belaunaldi askoren elkartzeko gunea izandakoa». Bada, Juan Ramon Basañez zauritu zuen hor GALek.

Gure ibilaldiaren hurrengo geltokira iristeko berriro ere Thiers etorbidera itzuli behar gara, eta hortik, Chauvin Dragon kalea guztiz zeharkatu; hor dagoen biribilgunean hil zuten Agurtzane Arregi eta larri zauritu zuten Juan Jose Etxabe, beraiena zen ostatuaren parean.

Horren ostean, Urdazuri auzora joango gara, izen bereko ibaiaren bideari jarraituz. Han bi aldiz gelditu beharko ditugu gure pausoak: lehena Elise Aramendi kalean, bertan hil baitzuen GALek «Egin» egunkarian lan egin zuen Xabier Galdeano. Bigarren geralekua Pierre Larramendi etorbidean izango dugu, bertako farmaziaren aparkalekuan izan baitzen Jose Manuel Pagoaga Gallastegi Peixoto-ren kontrako atentatua.

Donibane Lohizune utzi eta Ziburura abiatzeko garaia iritsi zaigu, Ixabel Etxeberriak azaldu digunez, «portuko bidea hartuz lehenik eta zubia gurutzatuz bide nagusitik». Jean Jaures ibilbideari jarraituko diogu Trinkete tabernaraino: bertan trago bat hartzen ari zirela Emile Weiss eta Claude Doer hil zituen GALek metrailadorez tirokatuta.

Jean Jaures ibilbidera jo behar dugu berriro, oraingoan Mitterrand kalea hartzeko. Hortik aurrera eginez, plaza handi batera helduko gara eta hor aurkitu zuten Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren autoa. Haren heriotza Batallón Vasco Español delakoak hartu zuen bere gain, baina haren gorpua ez zen aurkitu eta gaur-gaurkoz ez dugu beste berririk. Handik gertu, gainera, Ziburuko frontoian dagoen Bittor ostatuan Juan Ramon Basañez bigarrenez izan zen atentatu baten biktima.

Hala, Donibane Lohizunera itzultzeko garaia heldu zaigu, zubia pasatuz hondartza aldera abiatzeko. 1984an polizia frantsesak tiroz hil zuen Didier Lafitteren oroitarria ikusteko aukera edukiko dugu bertan.

Gertaera lazgarri horiek une batez alboratu, eta Donibane Lohizune eta Ziburu artean itzuli hau egin ondoren, tripak orroka izatea da normalena, bazkalordua ere ate joka dugu eta. Gosearen aurkako borroka honetarako Ixabel Etxeberriak Olatua izeneko ostatura joateko gonbita luzatu nahi digu: «Ostalari euskaldunak dira eta ederki jateko aukera eskaintzen dute», dio, jakinaren gainean dagoenaren ziurtasunarekin. Horra iristeko, hasieran igaro dugun Thiers etorbidera itzuli behar dugu, ia hasierako puntura joz berriro ere.

Amaitzeko, azken geltoki bat dugu zintzilik autora itzuli aurretik, han inguruan Mikel Elorriaga Goikoetxea Txapela hil baitzuten mira teleskopikodun arma batekin. GALek egin zuela uste da, baina gaur-gaurkoz hilketa hau ez dago guztiz argituta.

Laburbilduz, gaurko ibilaldiarekin gerra zikinaren ondorioak sentitzeko parada izan dugu.

Fitxa

Jan eta edateko: Thiers etorbidean dagoen Olatua ostatuan egingo luke otordua. Ederki bazkaltzeko aukera eskaintzen dute ostalari euskaldunek.

Bisitan: Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren hilobitik hasi eta gerra zikinak bi herri hauetan utzitako aztarnak ezagutzeko proposamena luzatu digu Ixabel Etxeberriak.