Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Gizartearen arazoak ez dira guzti-guztienak

Borja Semperrek kritika ugari jaso zituen iaz, Mayor Oreja, Maria San Gil edo Carlos Iturgaizekiko distantzia nabarmentzeko senperrenak egin zituenean. Beharbada, beste edozeinek bezala, bere alderdiaren gainbehera sumatu zuen. Nolanahi ere, senper orduan, lehengo lepotik burua, alderdikide horiekiko aldea hutsaren parekoa dela erakutsi ohi du. Urrunera gabe, atzo bertan, euskal presoen aldeko aldarrikapenei muzin egiteko eskatuz. Errege Akademia Espainiarraren Hiztegiaren arabera, pasar (de) aditzak interesik eza edo mespretxua adierazten du. Eta zalantzarik balego ere, «pasar olímpicamente» esan zuen Senperrek, mespretxutik harago, euskal presoei senper erakustea ontzat jota. Berak, ordea, bestela azaltzen du: «Horixe besterik ez genuen behar, ETAko kide izateagatik pribilegio bat izatea». Senperrek ez omen dakizkien «presoekin lotutako kontu horietako» bat gizarte honen aldarria da: «ETAko kide» izateagatik dituzten «pribilegioak» bertan behera uztea, hain zuzen.

EH Bilduren parlamentu taldeko eledunak esango balu biktimen aldeko aldarrikapenek ez digutela axola izan behar, unionismoaren eta aparatu judizial espainiarraren hautsak harrotuko lituzke.

Biktimak, denak, noren ardura dira, edo noren ardura izan beharko lirateke? Gizarte osoarena, uste nuen nik, munduan beste askok legez. PPk, aldiz, muzin egiten die hainbat biktimari. Areago, legez dagozkien laguntzak ukatzera iritsi da.

PPko eta PSOEko hautetsien aurkako atentatuak alderdi horien ez beste inoren arazo ziren akaso? Ezker abertzaleko politikarien aurkakoak, sektore horrena ez besterena? Ez naiz konparaketarik egiten ari, jakina, baina analogia ukaezina da. Batzuk eta besteak arriskupean bizi izan dira beren jardun politikoa zela-eta. Ezker abertzaleko zenbait lagun ere hil dituzte; beste hainbat, berriz, kartzelatu, eta oraindik ere espetxean edo hara sartzeko mehatxupean dira beste batzuk.

Nahiago nuke, esate baterako, Guardia Zibila Senperren arazoa beste inorena izango ez balitz.