Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria
Udate

San Jorge eta herensugea

Goiz pasa Estokolmoko katedralean. Arte erlijiotsuko pieza paregabeak daude bertan, haien artean San Jorge eta herensugearen eskultura bat, Bernt Notkek egina 1489-89 urte inguruan. Zaldi zuri baten gainean dago San Jorge, ezpata goratuta herensugeari heriotza eragingo dion kolpea emateko prest. Herensugea zaldiaren hanken artean azaltzen da, gorputza guztiz bihurrituta, aldi berean protesta eta mehatxua adierazten duen keinua ahoan. Eskultura talde honen ezkerrean, bazter batean, printzesa ageri da, belauniko eta eskuak elkartuta otoitz egiteko moduan, baita bildots bat ere.

Urrezko kondairaren arabera, Libiako «Silene» delako herrian bazen herensuge bat, herritarrekin ez akabatzearen truke egunero bi ardi jaso behar zituena. Halako batean ardirik gabe geratu zen herria, baina horrek ez zuen munstroa geldiarazi. Tratuak bere horretan jarraitu zuen, baina aurrerantzean ardien ordez umeekin elikatu beharko zuten herritarrek herensugea. Eguneko biktima hautatzea zeregin zaila izaki, zozketa bidez egitea erabaki zuten eta hala, egun batean, erregearen alabari egokitu zitzaion herensugearen jaki izatea. Munstroaren kobazulorako bidean zela neskak San Jorgerekin egin zuen topo. Honek, zaldun kristau on legez, printzesari laguntzea erabaki zuen. Fedeak gidaturiko bere ezpatarekin, aise akabatu zue herensugearekin San Jorgek eta Sileneko biztanleak, erregea buru, beren esker ona adierazteko kristautasunari lotu zitzaizkion.

Antigoalekoa izan arren oso gaur egunekoa dirudi San Jorge eta herensugearen istorioak. Gaur egungo San Jorgek, baina, demokraziaren izenean akabatu ei ditu ustezko herensugeak. Uler bedi terroristak.

Honi buruzko guztia: Udate