Idoia ERASO URRUÑA

Ziburuko ikastola kanporatu ala ez astelehenean erabakiko du epaileak

Atzo aztertu zuten Paueko administrazio epaitegian Ziburuko Herriko Etxearen eta ikastolaren arteko auzia. Epaileak ikastola orain dagoen lekutik kanporatzeko urgentziarik dagoen erabakiko du astelehenerako.

Astelehenean erabakiko du Paueko administrazio epaitegiak Ziburuko ikastola Marinela auzoko gunetik kanporatua izateko urgentziarik den ala ez. Epaileak hiru aukera ditu bere deliberoa emateko, hala nola ikastola kanporatu, beste tokiren bat aurkitzeko epe bat eman, edo Baionan uda hasieran izan zen epaiketan bezala, gai hori bere eskumenetik kanpokoa dela esan eta sakonki aztertu behar dela erabakitzea. Ebazpena dena delakoa izanik ere ikasturtea Marinelako gunean hasiko dutela baieztatu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Atzo Pirinio-Atlantikoetako epaitegi administratiboan izan zen urgentziazko auzian Ziburuko Herriko Etxea eta Kaskarotenia ikastola izan ziren aurrez aurre. Auzi «atipikoa» izan dela azaldu zuen Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko zuzendariak. Epaileak gaia ezagutzen baitzuen hasieratik galderak egin baitzituen.

Horretaz gain, Herriko Etxearen eta ikastolaren artean egin zen kontratua egiteko eskubiderik ez zela baieztatu zuen epaileak. Kontratua pribatua izan zen, publikoa izan beharko zuelarik Marinela eremu publikoa delako. Epaiketan bertan izan zen Isabelle Dubarbier zinegotziak Ziburun ikastolarik ez dela behar baieztatu zuen, ondoan diren Urruña eta Donibane Lohizunen badirelako.

Gaur egun Kaskarotenia kokatzen den Marinelako gunea erabiltzeko kontratua uztailean bukatu zen, eta Herriko Etxeak ikastolari handik joateko eskatu dio. Hezkuntza zentroko gurasoek beste aterabiderik gabe ez direla handik joango erantzun dute. Halaber, alkateak «Haurtzaro gune» bat egiteko asmoa duela eta ikastola han ezarriko zuela hitzeman ziela oroitarazi izan diote. Agindutakoak ez duela balio legalik esan zuen epaileak.

Atzoko epaiketa bi aldeak aurrez aurre jartzen dituen bigarrena da, lehena Baionan egin zen uztailaren erdialdean, eta epaileak erabakitzeko eskumenik ez zuela esan zuen han.

Ikasturte hasiera Marinelan

«Epaileak esaten duena esaten duela asteartean ikasturte abiatzea han egingo dugu», adierazi zuen Hur Gorostiagak. Eta zuzendariak gaineratu zuen: «Guk espero dugu hala ere epaileak ulertuko duela urgentzia dugunak gu garela, ez baitugu ikastola non eman».

Ikastolarentzat konponbide bat atzemateko biltzeko prest agertu dira Kaskaroteneako gurasoak. «Gu handik joateko prest gara baina aterabidea emanda», baieztatu zuen. Eskola publikoko haurrak Marinelan kokatzean libre utziko duten Jules Ferry eskolan ikastola jartzea proposatu du Seaskak.