Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Houellebecq, beti Houellebecq

Eroa, arrazista, erreprimitua, pornografoa... gisako adjektiboak josi dizkiote, baina bere idazkera zuzen, sinple eta polemikoa maite dutenak milaka dira

Michel deitzen da eta aitaren amarengandik jaso zuen Houellebecq abizena, hark hazi eta hezi baitzuen. Batzuek, bere lehen eleberriarekin ezagutu zuten: «Extension du domaine de la lutte», ordaindutako publizitatearen eta kritikaren laguntzarik gabe, Frantziako mugak gainditu zituelako irakurtzearen irakurtzez. Ahoz ahokoa izan zen fenomeno haren bultzatzaile, liburuak nazka eragin zienen aipamenak, eta baita maitemindu zituen haienak ere, anitz zirela. Eta karrikak Houellebecqen izaera misogino eta erreakzionarioaz eztabaidan jarraitzen zuen hartan «Les Particules élémentaires» iritsi zen, bi anaiorderen istorioa biltzen zuen liburua, Michel eta Brunorena, bata biologo eta bestea Literaturako irakasle, amak abandonatu zituenak, eta biak ala biak erreprimitu sexualak.

1968. urteko maiatzaren askatasun espresioei egurra emateko baliatu zuen eleberri hura Houellebecqek, baina batez ere bere egiazko ama publikoki zigortzeko, eta hari mezuak bidaltzeko, hippy endekatu eta ama txar deituta. «Lanzarote» idatzi zuen gero, astebeteko opor batzuetan belgikarren kontra egiteko, edo Pam eta Barbara baliatuz, lesbianen aurka. Islama lotsagarri uzteko «Platforme» heldu zen gero, mundu osoko islamiarren irainak jaso zituena, eta epaitegiko ateak zeharkarazi ziona. «La Possibilité d'une île» ere polemika sortzera ailegatu zen, eta baita bere azken lana den «La Carte et le Territoire» sariztatua. Denbora tarte horretan badira poema liburuak, iritzi artikulu edo elkarrizketetan erran dituenak. Eroa, arrazista, erreprimitua, pornografoa... gisako adjektiboak josi dizkiote, baina bere idazkera zuzen, sinple eta polemikoa maite dutenak milaka dira. Amak, Lucie Ceccaldi, «L'Innocente» idatzi zuen, bere semearen akusazioen aitzinean babestu eta semea gezurti bat zela aitortzeko, hilik zegoela aipatu baitzuen idazleak. Ama bati bere semea munduko ederrena dela entzutera ohituta egonik, bitxi egin zuen Luciek bereari egoista, parasito eta itsusi errateak. Arte telebista katearen eskutik «L'enlèvement de Michel Houellebecq» fikziozko dokumentalean aktore gisa aritu da orain; gezurrezko bere bahiketa bati buruzkoa da, 2011n hedabide anitzetan zabaldu baitzen Al-Qaedak bahitu zuela egun batzuetan desagertuta egon zelako; parodia surrealista bat da, zurrumurruak umore bilakatzeko. Zinema areto gehienetan estreinatzen ari da uneotan; ikusi, eta gizon hau maite edo gorroto duzun jakin ezazu.

Honi buruzko guztia: Udate