Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Oibar, Nafarroan

Batzuk Greziara edo Erromara joaten dira harri zaharrak maite dituztelako. Gu Nafarroara joan gara, han harri asko baita, historia ugari, eta, gainera, gurea. Gure herriaren ezagutzeko aukera paregabea da uda.

Oibarko bidea hartu genuen, Erdi Aroko herrien bisitatzeko ideiarekin. Iruñea pasatu eta kasko baten bidean ginen, eta ikurrin batek eman zigun ongietorria, zuhaitz baten tontorrean kokatua izan zena. Irudi atsegina, mugara hurbiltzen ari ginenean Euskal Herriaren ikurra, basoaren erdian, denen bistan egoteko gisan ezarria. Ederra!

Zalantzarik gabe ondare aberatsa aurkitu dugu. Eliza asko, gaztelu askoren gainean eraikiak, Nafarroako erresumaren aztarnak ezabatzeko gogoz eraikiak. Baina jauregi zahar horien historiaren berreskurapena pixkanaka egiten ari da. Estatu librearen ondarea, aztarnak, denean.

Horrez gain, okinarengana joan gara eta han aurkitu dugu, labearen ondoan, bere pastak egiten telefonoa belarrian, negoziaketan. Ondoren, esplikatu digu «el oinez» ari zirela prestatzen. Ogiak euskaltasunaren zaporea zuen. Ez daki euskaraz okinak, bere semeak bai, ondoko herriko ikastolan ibili baita, eta han antolatzen dute aurten «el oinez», Zangozan. Memoria berreskuratzen, okinak ere.

Urrunago joan gara, soto bat erakutsi digute, arno biologikoa egiten den sotoa. Ona, oso ona, supermerkatuetan saltzen ez dena, sabeleko minik uzten ez duena. Bere herriaz hitz egin digu, sortzen diren aldaketez; ikastola eraikitzen ibilia da eta semea euskalduna du. Seme horrek iraultza txiki bat egin du herrian hautetsi kargua hartu duelarik, kargu hartzea euskaraz egin baitu. 800 biztanleko herria, mugan kokatua. Gazteriaren ausardia.

Uste genuen herritar kopuru txikiarentzat nahiko lan egiten zela, euskal kontzientziaren freskotasunak pozez bete gaitu. Haatik, beste sorpresa bat zain genuen herriko ostatuan. Izan ere, herriko arno goxoaren inguruan unibertsitatean sekulan jaso gabeko ikasgai interesgarria izan genuen. Laborari batek eman zigun. Historiaz sekulakoa zekien, bederatzigarren menderaino eraman gintuen.

Herri txikia, jende handiarekin. Nafarroako mugan isiltasuna nabarmena da, hiriaren etengabeko soinurik ez da, isiltasuna da entzuten. Harriak gordetzen saiatu dira batzuk, besteek oroimena zaintzen dute, memoria badute; nafarrak dira historia itzelarekin eta bereziki gero indartsua prestatzen dute. Aurtengo Nafarroa Oinez prestatzen ari dira, hitzordua eman digute.