Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

«Play»

Borobila, aurtengoa: irailaren lehena, astelehena. Askok lanari, ikasketei edo bizitza arrunta deritzogun horretan egunerokotasunean egiten dugunari berriz heltzeko eguna, errukirik gabe, haur txiki-txikiek eduki ohi duten egokitzapen aldirik gabe. Irailaren lehena, astelehena, ikasturte berriaren hasiera eguna.

Egunotan, esamolde bi aipatzen dituzte etengabe albistegietan: «itzulera operazioa» eta, hain zuzen ere, «ikasturte berria». Ez dakit zuek, baina nik urtero izaten dut halako déjà vu sentsazioa, urtero gauza bera bizi izaten dugun sentsazioa, udaren amaieran. Are gehiago esango nuke: hedabideek, telebistak batez ere, eragiten digutela bukatu-da-uda sentipena, itzulera operazioa eta ikasturte berria une oro aipatzen hasi bezain laster. Orduan hasten baikara pentsatzen, gehiagoz atzeratu ezinik, beste ikasturte batez gainera datorkigun guztian, baita erronka, itxaropen eta asmo berrituetan ere. Bizitza erreala pare bat hilabetez aparkatuta izan bagenu bezala edo.

Albistegietako ikasturte berriak, baina, ez dauka zerikusirik herritar xeheon erronka, itxaropen eta asmo horiekin, baizik eta politikari dagokionez gertatzen ari diren kontuekin, edo gertatzear dauden aldaketekin, edo aldaketarik ez egoteko planekin; finean, politikarien mundu urrun eta ilunean gertatzen direla eman arren, herritar xeheoi -gehiago ala gutxiago- eragingo diguten asmo eta erabakiekin. Era berean, horiek zein modutan, zein urrats jarraituta, burutuko dituzten jakinarazteko, politikariek barra-barra aipatzen dute «ibilbide orri» terminoa, beren alderdiek datozen hileotan zer egin eta nola argi eta garbi dutela aditzera emateko, alegia, garbi uzteko oporretatik etxerako lanak eginda itzuli direla, beren itzulera operazio partikularrean. Gai berberen gainean batzuen eta besteen orrioi erreparatuta, ordea, zalantzarik ez dago ikasturte gatazkatsua izango dugula hau ere...

Gatazkatsua ez ezik, errepikakorra ere. Izan ere, politikaren arloan dudarik gabe datozen hileotako gai nagusia Kataluniako galdeketa izango bada ere, pil-pilean egongo dena, jarraipen zorrotza izango duena eta, tamalez, ziur politikaz nazkatzeko arrazoi gehiago ekarriko dituena, berritik ezer ez dutenak ere jasaten jarraitu beharko baitugu. Izan ere, badirudi Espainiako Gobernuan agintean dagoen alderdiak ezin hobeto uztartzen dituela hiru esamolde izarrok: ekin ikasturte berriari, prestatu ibilbide orri bat eta eraman gaitzala zipitzik aldendu gabe itzulera operazioaren (jendarte atzerakoi, zaharkitu, askatasun faltsukora eta esklaboagora itzultzeko planaren) arrakastara, gehiengo osoaren babespean.

«Berri» hitza entzunaren entzunaz ikasturteak gertakari eta konponbide berriak, jarrera eta diskurtso desberdinak ekarriko dizkigula uste izatera bultzatu arren, hilabete baino ez da joan azken ikasturtetik, eta albistegiak ikusi besterik ez dago ohartzeko politikan boteredunek, denek, lehengo lepotik dutela burua. Abuztuan pause eta orain play eman baliete bezala: abesti berarekin jarraitzeko.