GARA

Euskara Plana oztopatzea leporatu die Sopelako Udalak EAJri eta PPri

Sopelako Udalak 2013tik indarrean duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak hainbat lanpostuk duten hizkuntza eskakizuna egokitzearen beharra jasotzen du. Uztaileko osoko bilkuran, berriz planaren gomendioei jarraituz hainbat lanposturen hizkuntza eskakizunak aldatu eta beste hainbati derrigortasun data jartzeko Udal Gobernuak egindako proposamena atzera bota zuten EAJk eta PPk, atzo gobernu taldeak ohar bidez jakinarazitakoaren arabera.

«EAJren zazpi zinegotziren eta PPren zinegotzi bakarraren aurkako bozek eta PSEren bi zinegotzien abstentzioak ezinezkoa egin dute lanpostuen zerrenda planari egokitzea, alkateak eta gobernu taldeko Bilduko gainontzeko sei zinegotziek alde egin arren», azaldu du Udal Gobernuak.

Osoko bilkurara eraman zuten proposamenaren xedea Udalbatzak onartutako «2013-2017 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana betetzea ahalbidetzea» zela azaldu du Udal Gobernuak. Hori dela-eta, EAJren eta PPren jarrera «tamalgarritzat» jo eta «lanpostuen zerrenda aldatu gabe» jendaurreko hainbat zerbitzu euskaraz ematea bermatzerik ez dela salatu du.

Lakuak berak eskatutakoak

«Aldaketa horietako batzuk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak berak eskatutakoak dira, hala nola kulturako teknikariei eta udaltzainburuari 3. hizkuntza eskakizuna jartzea; egun 2.a dute», zehaztu du gobernu taldeak. Planari jarraituz, «orain arte euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez duten hainbat lanposturi derrigortasuna jartzearen beharra» ere ezartzen duela argitu du.

Udal Gobernuak gogorarazi duenez, EAJren eta PPren jarrerak eragina izango du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan eta Lakuako Gobernuaren laguntzetan. Izan ere, zenbait kasutan Sopelako Udalak ez du aurrerantzean lehentasunik izango.