GARA

Nestor Basterretxea omenduko dute Donostiako Euskal Jaietan

Uztailean zendu zen Nestor Basterretxea eskultorea omenduko dute bihar hasi eta hilaren 14a arte luzatuko diren Donostiako Euskal Jaietan. Orotara, 5o ekitaldi izango dira, nagusiena Kontxako estropadak direlarik, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez.

Omenaldi bikoitza eskainiko zaio Basterretxeari. Alde batetik, Kukai dantza taldeak «Akelarre» eskulturan oinarrituriko koreografia aurkeztuko du. Horrekin batera, San Telmo Museoak gidaturiko bi bisita antolatu ditu.

«Akelarre» lana atzo paratu zuten Zuloaga plazan, museoaren ondoan, Euskal Jaiak aurkezteko ekitaldian. Egitarauan Sagardo Eguna, tomate lehiaketa eta erakusketa, marmitako jana, dantzak, bertsoak, olerkiak, erromeria, antzerkia, zezensuzkoa eta Donostialdeko XVII. Esku Pilota Lehiaketa daude, estropadekin batera.

«Basterretxeak euskal kulturaren alde egin duen lan guztia eskertu nahi izan du Donostiako Udalak», esan zuen Izagirrek. Udako sasoiari amaiera ipintzeko aukera ezin hobea dela gaineratu zuen. «Jai hauek hiriari beroa eta bizia emango diote», esan zuen.

Kultura zinegotzi Nerea Txapartegik gogoratu zuenez Euskal Jaiak 1896tik ospatzen dira Donostian, orduko Gipuzkoako Aldundiak harturiko erabakiari esker.