Amaia GARTZIA

Egoitza modernoak ere hasi dira herrietako kultura kontatzen eta irudikatzen

Debara iristen den bisitaria Gipuzkoako muralik handienak agurtzen du, fatxada zahar batean Arte Factory enpresa gazteak egindako irudiak. Gero eta hiri zein herri gehiago ari dira hiri altzariak eraldatu eta beren itxura dotoretzeko aukera hau hobesten.

Hemendik aurrera, Deba bisitatzen duenak paretatik atera nahi duela dirudien emakume surflari baten irudi erraldoiarekin egingo du topo, beharbada, Gipuzkoako muralik handienarekin. Behintzat, 28 metroko altuera duela nabarmenduta, «gure lanik handiena da», aitortu digu hura margotzen parte hartu duen Iñigo Arrietak, eta jarraian zera gaineratu, «sektorean lan eginda, handiagorik balitz, jakingo genuke». Deban ez ezik, beste herri askotan ere egin dute eraikinen fatxadak muralekin apaintzeko hautua, eta azken urteetan ugaritzen ari da joera. Besteak beste, ezagunak dira dagoeneko Gasteizko alde zaharrean daudenak ere.

Duela sei hilabete jarri zen kontaktuan Debako Udala Arte Factory enpresarekin, herriko sarreran dagoen fatxada zahar bat txukunago uzteko asmoz. Bertan mural bat egiteko hitz egin zuten. Gaia aukeratzeko ez zen duda askorik egon: surfa nahi zuten irudikatu, Debako herrian bultzatzen ari diren kirola baita, eta protagonistatzat emakume bat nahi zuten.

Errealismoa lantzen dute normalean Arte Factoryn, saiatzen dira irudiak benetakoa eman dezan: «Beste ukitu bat ematen saiatu gara, dimentsio hain handietan Photoshop-eko cuarteado delako filtro horren modura egin dugu, hainbeste difuminatu beharrean, kolore planoagoekin, teknika errazagoa agian, baina neurri horietan lagungarriagoa guretzat».

Ekintzaile gazteak

Bost lagunek osatzen dute Arte Factory enpresa: margolari liderra den Lander Subiza eta margotzen iaioak diren beste lau gazte, Subizak emandako jarraibideen arabera ari direnak. «Bakoitzak bere rola dauka gure enpresan, ni adibidez bezeroekin ibiltzen naiz, badago komunikazio lanetan dabilena... baina denak ibili gara margotzen, bost pertsonen artean egin dugu».

Herriak murala atsegin duela jakinarazi diete; izan ere, Arrietak dioen moduan, «zeharo ezberdina da, fatxada hori poliuretanoz beteta eduki beharrean, gure murala izatea... herriaren sarrera guztiz eraldatu egiten du». Pozgarria da, era berean, beste keinu batzuen bidez ere jabetzea lanarekin kontent daudela: «Jendea ikusita autotik argazkiak ateratzen edota selfie-ak egiten murala atzean dutela», aipatzen du.

Hilabetean margotu dituzte fatxadaren 500 metro karratuak. «Kontuan edukita euria egiten zuen egunetan ezin zela margotu», gaineratu du Arrietak.

Enpresa gaztea da Arte Factory. Mondragon Unibertsitatearen barruan sortu zen. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako gradua ateratzen ari dira sortzaile hauek, laugarren mailan, hain zuzen. Proiektu ekintzaileak egiten dituzte eta duela bi urte eta erdi sortu zen enpresa. «Saltokietako pertsianak margotzen hasi ginen», eta gutxika ahoz ahokoaren bidez gero eta lan gehiago eta enkargu handiagoak jasotzen hasi ziren.

Duela gutxi Indian egon dira, baita Txinan ere. «Unibertsitateari esker egon gara han, programa horren bidez gure artistak hara joan ziren eta han negozioak egin genituen gure proiektuarekin». Shanghain jatetxe bat margotu zuten eta Pune-n urbanizazio pribatu bat eta kiroldegi bat.

Horrez gain, aurten Madrilen izan dira, Beefeater ginebra marka ezagunarentzat margotzen, ekitaldi batean.

Orain arteko ibilbidean ehun mural inguru egin dituzte, eraikinen kanpoaldeak ez ezik, barrualdeak ere margotuz: «Etxe pribatuetan ere margotu izan dugu, Picassoren `Gernika' margotu genuen egongela batean, umeen gela ere bai; lan egin dugu udaletxeentzat, enpresentzat, haur eskolentzat, eta abar».

Beraien webgunean ikus daitezke euren lanetariko batzuk, baita beraiekin harremanetan jarri ere: www.artefactoryteam.com. Enpresako kideek nabarmentzen dutenez, «herriak dekoratzeko eta bertako tokiak transformatzeko aukera hau ere badago, eta politak geratzen dira modu honetan ere».

Debakoa ez da Arte Factory-k Gipuzkoan egin duen lehen margolana, Seguran ere egin dute beste bat, hori ere herriaren sarreran. Horren harrera ona izan duten irudiak izanik, ziurrenik ez dira bakarrak izango.