Amalur ARTOLA DONOSTIA

Presondegietako hamar ihesaldiren kontakizunak bildu ditu Josu Martinezek

Euskal gatazkaren ingurumarian presondegietatik egindako hamar ihesaldi bildu ditu Josu Martinezek «Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak» liburuan, batzuk aski ezagunak, Segoviakoa edo 83ko sanferminetakoa kasu, eta beste hainbat orain artean kontatu gabeak. «Debekatua dago oroitzea» edota «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentalen egilearen hitzetan, «abenturaz, sorpresaz eta umorez» osatutako lana da. Liburuak Joseba Sarrionandiaren epilogoa darama.

Hamar istorio, euskal gatazkaren nahas-mahasean presondegietatik egindako hamar ihesaldiren kronikak bildu ditu Josu Martinez bilbotarrak «Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak» liburuan. Batzuk aski ezagunak, Segoviako kasua edota Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabea Piti-k 83ko sanferminetan burutakoa kasu, eta beste asko gaur arte aski ezezagunak izan direnak, baina guztiak protagonisten ahotik -edo eskutik, zenbait idatziz jaso baititu- bilduak. «Liburu ederra da, dibertigarria, gure ustez zeresana emango duena eta bestela jaso gabe geratuko ziren testigantza asko biltzen dituena», aurreratu zuen liburuaren aurkezpen ekitaldian Elkarreko editore Xabier Mendigurenek. Bertan zen, baita ere, Debako Udaleko kultur zinegotzi Mari Fran Agirregabiria, liburua Udalak ematen duen Tene Mujika sariaren eskutik idatzi baitu Martinezek.

Hitza hartuta, ihesaldiak izan zituen hizpide azken urteetan zinemaren munduan («Itsasoaren alaba», «Sagarren denbora», «Debekatua dago oroitzea» eta «Barrura begiratzeko leihoak», azken biak Txaber Larreategirekin batera) murgilduta egon den bilbotarrak. «Ihesaldiak betidanik egin zaizkit sinpatikoak. Denok ihes egin nahi izan dugu noizbait lekuren batetik; ihes egitea nahi duzun lekura joatea da». Espetxeetako ihesaldiren baten berri zuen aldiro pentsatzen omen zuen liburu bat osatzeko moduko istorioak zirela eta gaiari heltzeko abagunea «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentala osatzeko dokumentazio prozesuak eman zion; hor ezagutu zituen hainbat istorio eta liburua osatzeko proposamena bidali zuen Tene Mujika sariketara; bigarrengoan eman zioten horretarako beka.

Hala hasi zen, apurka-apurka, ezagunak zitzaizkion kasuen artean hautaketa egiten eta azkenean hamar bildu ditu liburuan: 1969an Basaurin burututakoa, Jose Mari Sagardui Gatza-ren saiakera, ETAko kideek kontsul alemana bahituta egindakoa, Segoviakoa -iheslari kataluniarraren ikuspegitik-, helikopteroz egin «omen» direnak -hainbat sumariotatik jasotako datuen bidez-, Bernardo Aizpitarte Kabra azpeitiarrak Beasaingo ospitaletik egindakoa, Gabi Mouesca eta Maddi Hegirena, elkar aldatu ziren Berasategi anaiena, Patxi Arana bermeotarrak kartzela barrura egindako «ihesaldi bitxia» eta Sarrionandiak eta Pitik bafleetan sartuta egin zutena -Pitiren ikuspegitik-. Hasieran hamaika ihesaldi bildu behar zituen liburuak baina bat sortatik atera dute, «preso dagoenak badakielako zenbat balio duen askatasunak eta azken ihesaldi horren kasuan kartzelatik ateratzeko errekurtso baten zain dago». Haren eskariz, «eta kale egin ez diezaion», lehen edizioak ez du kontakizuna bilduko baina, Mendigurenek aurreratu zuenez, bigarren ediziorako gordeko dute.

Ikuspegi gizatiarra

Ihesaldiak abenturatik asko dutela uste du Martinezek, baina ez direla abentura bakarrik: «Inkonformismoa dago, arriskatzeko erabaki bat, kalkulu handia eskatzen duen operazio bat eta badago, guztiaren gainetik, imajinazio handi bat; ihesaldi batzuk benetako artelanak dira. Gainera, gizakiak preso mantendu nahi dituzten epaile, polizia eta horiek guztiak umiliatuak izan direnez, niri behintzat sinpatia eragiten didaten izaki bihurriak dira iheslariak eta liburuan horien historia kontatu nahi nuen».

Egileak argi utzi zuen hamar kasu solte biltzen dituela liburuak, asmoa ez zela «ihesaldien entziklopedia» egitea, eta argitalpenaren alde gizatiarra nabarmendu nahi izan zuen: «Jendearen bizipen oso pertsonalak dira; preso dagoen norbaitek ihes egitea erabakitzen duenean horrek garrantzia hartzen du bere bizitzan eta liburuan bizipen inportanteak kontatzen dira».

Liburuaren epilogoa Joseba Sarrionandiak egin du eta horren gainean ere jardun zen: «Hasieran prologoa egin behar zuen. Gutun bat jaso nuen liburua asko gustatu zitzaiola esanez, batez ere liburuak duen umore ukitu hori, eta saiatuko zela antzeko zerbait egiten. Poz handia hartu nuen». Sarrionandiak ihesaldien eta iheslarien gaineko gogoetaz osatzen du Martinezen liburua. «Agian nire testuari falta zaion sakontasuna ematen dio ihesei eta kartzelari buruz egin duen testu mamitsuak», hausnartu zuen idazleak. Bere aldetik, umorezko liburua ez bada ere kontakizunetan umoreak lekua baduela aitortu zuen, «ihesaldia kontatzen dizutenean bihurrikeria puntu batekin kontatzen dizutelako, edo behintzat irribarre erdi batekin, batez ere ondo ateratakoa baldin bada», eta hori ere islatu nahi izan zuen.

Azkenik, oro har emaitzarekin gustura bada ere, arantza txiki bat geratu zaiola aitortu zuen Martinezek: «Presoak ihes egin dion kartzelako zuzendari bat elkarrizketatzea izugarri gustatuko litzaidake; baina ez dut lortu».