Arantxa MANTEROLA

Sarako Herriko Etxeko hautetsi guztiak Udalbiltzara batu dira

Herriko bestak hautatu dituzte Sarako 23 hautetsiek udalbatza osoa Udalbiltzaren xedeetara lerrokatu dela ofizialki jakinarazteko. Battitt Laborde auzapezak nabarmendu du Euskal Herriaren garapen orekatua bermatzeko, euskal udalerrien erakundea «ezinbesteko tresna» dela. Alboan zituen gainerako euskal lurraldeetatik bertaratutako hainbat hautetsi.

«Argazki honek oso ongi laburbiltzen du Udalbiltzaren espiritua eta helburuak. Lurralde guztietako udal hautetsiak, herritarrekin bat eginik sentimendu eta aldarrikapen berean. Euskal herritarrak gara eta elkarrekin egin nahi dugu Euskal Herria». Igor Aierbe Ataungo auzapezaren hitzok agerian jarri zuten atzo Saran egindako ekitaldi instituzionalaren muina. Aierbek bi herriak 1997tik senidetuak daudela gogoratu zuen, elkar ezagutza sustatzeko senidetze ekimenek duten garrantzia goraipatuz jarraian.

Martxoan izandako bozen ostean, hautatu berriak Udalbiltzara biltzeko deialdiari erantzun dio Sarako Herriko Etxeak. Hala, udalbatza osoak bat egin du euskal udalerriko erakundearen xede eta asmoekin, eta Mixel Gerindiain bertako zinegotziak esan bezala, «garena eta sentitzen duguna adierazteko une egokia» delakoan, herriko besten ospakizuna aukeratu dute deliberoaren berri emateko.

Ekitaldira bertaratu ziren, besteren artean, Ruben Gomez Liginagako auzapeza, Nikolas Blain, Iker Elizalde eta Eneko Aldana-Duhat, hautetsi lapurtarrak; Lidia Arrossa Bidarraiko auzapezordea; Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Natxo Urkizo Laudiokoa, Maitane Nerekan Getxoko zinegotzia eta Mertxe Aizpurua eta Maite Iturre Udalbiltzako lehendakari eta lehendakariordea.

Lurralde kohesioa

Battitt Laborde Sarako auzapezak «euskal herriek aitzina egin dezaten gainerako lurraldeekin elkarlanean aritzea» beharrezkotzat jo zuen. Ildo horretan, Udalbiltza «baitezpadako tresna» dela esan zuen, batez ere, garapen orekatua bermatzeko. Lurralde kohesioan sakontzeko eta «sinergia berriak sortzeko» berriki abiatutako `Euskal Pirinioetan lan eta bizi' proiektua horren adibidetzat jarri zuen eta nazio erakundearekin bat egitera deitu zituen hautetsi guztiak. «Zenbat eta gehiago izan, hainbat eta indar handiagoa ukanen dugu», esan zuen irmo.

Mertxe Aizpuruak ere hizpide izan zuen gizarte eta lurralde kohesioa. «`Zazpiak bat' lelo bat baino zerbait gehiago» dela nabarmenduz, Udalbiltzak aipatu kohesioan sakontzea urte politiko berriko «eginkizun nagusitzat» hartu duela gaineratu zuen Usurbilgo alkateak. «Hainbat lurraldetan dauden arazo larriei aurre egiteko Euskal Herri osoaren inplikazioa» behar dela gogorarazi zuen eta horien erakusgarri Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan dauden batzuk aipatu zituen, hala nola euskara ofiziala izendatzeagatik Uztaritzeko Udalaren kontra prefetak ezarritako helegitea, Ziburuko ikastolaren egoera edota hiru herrialdeen erakundetze bidean Lurralde Elkargoa sortzeko dituzten oztopoak.

«Arazo hauek herritar frantses edo espainolak izatera behartzen gaituztelako gertatzen dira, bi estatuetako antolamendu juridiko eta instituzionalaren menpe gaudelako», adierazi zuen, «lankidetza eta kohesioa sustatzen» jarraitzeko Udalbiltzaren asmo tinkoa ziurtatuz.