GARA DONOSTIA

Wiesbadenek eta Donostiak beren artistak ezagutaraziko dizkiote elkarri erakusketa banarekin

Kultur trukerako egitasmo baten baitan Wiesbadeneko lau artistaren lanak Donostiako Ekain Arte Lanak galerian ikusgai daude gaurtik. Donostiako artisten lanak 2015eko apirilean eramango dituzte Alemaniara.

Arte ederren arloko elkarlan egitasmoa jarri dute abian Donostiak eta Wiesbaden Alemaniako hiriak. Bi hiriak elkarren artean senidetuta izanik, Wiesbadenetik proposamena iritsi zitzaion Donostiako Ekain Arte Lanak galeriari beren artistak elkar ezagutarazteko egitasmo batean parte hartzeko, joan den igandetik urriaren 11ra luzatuko dena. Helburua, hiri bateko ekoizpen artistikoa bestean ezagutarazteaz gain, egungo sortzaile artistikoen berri izatea da. Lehen aldia da arte munduan horrelako elkarlan egitasmo bat burutzen dela, nahiz eta aspalditik dauden senidetuta bi hiriak.

Lau artista alemaniar

Horiek horrela, lau artistek osatzen dute Donostiara heldutako Alemaniako ordezkaritza artistikoa, eta Ekain Arte Lanak galerian ikusi ahal izango dira euren lanak gaurtik aurrera. Renate Reifert da artista horietako bat, «Zerua lurrean» margolanarekin hartu duena egitasmoan. Bertan, Wiesbaden hiriko zerua ageri da egurrezko taulen gainean akuarela bidez margotua. «Pasioz egiten den guztia ederra da» aldarrikapen izena duen Nichole Fehlingen obra, ostera, instalazio bat da. Hain zuzen ere, bilgarrien eta barruko edukien arteko harremana aztertzen du Fehlingek.

Beste instalazio batekin heldu da Donostiara Horts Reichard, «Tresna ezezagunak» izenekoa. Duela ez hainbesteko garai industrialeko oihartzuna dakarten erreminta zaharrak erabili ditu Reichardek instalazioan.

Bukatzeko, Frank Deubel da Wiesbadenetik heldutako azken artista. «Zelai artifizial baten gainean piknik bat» bere argazkia ekarri du Ekain Arte Lanak galeriara. Perspektiba bertikalean egindako argazki bilduma bateko alea da aipatutako irudia. Argazki bilduman pertsona talde desberdinak zelai artifizial baten gainean jarri ditu artista alemanak.

Gaur inauguratuko da erakusketa, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Ekain Arte Lanak aretoan. Ekitaldia Elayne Moreira abeslari brasildarraren kantuekin girotuko dute. Euskal artisten lanak, berriz, 2015eko apirilean izango dira ikusgai Wiesbadenen.