Ane Arruti
Kazetaria
IKUSMIRA

Donostia, zinemaren hiria?

Pasa den larunbatean, bazkal ondoren Kursaal inguruan bueltatxo bat ematen ari nintzela ikusi nituen aulkiak eta aldizkariak hartuta. Lauzpabost ziren eta Zinemaldirako sarrerak hartzeko bezperatik lekua ziurtatzen ari ziren leihatilan. Jaialdiak hurrengo egunean jakinarazi zuenez, 13.30ean bertaratu ziren lehenengo «zinema hooligan» hauek. Igandean 09.00etan zabaldu zen sarrera salmenta eta Internet bidez ere har zitezkeen -nik hala eskuratu nituen behintzat, igande arratsaldez eta etxeko sofan eserita-. Lehenengo egunean 55.000 sarreratik gora saldu ziren; eromena.

Zinemaldiaren zurrunbiloan murgiltzera goazen aste honetan bertan jakin dugu Donostiako Bretxako bederatzi zinema aretoak itxi egingo dituztela. Dirudienez, Ocine enpresa kudeatzailek ez du Bretxak ezartzen dion alokairua ordaintzeko behar beste diru poltsikoratzen eta enplegua erregulatzeko espediente baten bitartez, hamabost langile utziko ditu kale gorrian.

Eta hasi gara erredakzioan nostalgiko jartzen, «nik Astorian ikusi nuen `Titanic'; ba ni gogoratzen naiz nola joaten nintzen gurasoekin Savoy zinemara; nik uste `Ederra eta piztia' orain kasinoa dagoen eraikin horretan ikusi nuela...». Eta jarraitu dugu zerrenda osatzen: Amaya, Illunbe, Garbera, Dunixi... Irauten dutenena galdu direnena baina dezente laburragoa dela ohartzeraino: Trueba, Principe eta Antiguo Berri.

Gauza ederra da Zinemaldia, pelikulak bata bestearen atzetik irenstea, zuzendariak eta aktoreak aurrez aurre ikustea eta azken horien berezko ahotsak entzutea, mundu osoko kazetariekin iritziak elkartrukatzea... Eta ederra da noski aurten Euskal Herriko ekoizpenek hartu duten tokia hartu izana, Sail Ofizialean, Zabaltegin, Zuzendari Berriak sailean... Urtean behin zabaltzen den erakusleihoa hasi aurretik ari da lehenengo fruituak ematen eta nazioarteko jaialdi askotarako txartela dute jada bertako filmek. Lastima da, ordea, urria eta azaroa bitartean zinema aretoetarako bidea hartzen dutenean, nahi baino lehenago film horiek ere kale gorrian geratzea. Ea areto gutxi horietan behintzat merezitako tokia topatzen duten.