Elkarrizketa
ITXARO BORDA
IDAZLEA

«Haurtzaroko hitzetatik abiatuz oraina eta etorkizuna irudikatzen ahal ditut»

Baionan sortu zen Itxaro Borda 1959an. Lanbidez postaria, idazleak literaturaren eremu ezberdinak jorratzen ditu, eta produkzio aski aberatsa du. Artikuluak idazten ditu, poesia liburu ugari argitaratu ditu, baita eleberriak ere. Uda honetan Baionan estreinatu den «Gerezien denbora» pastoral hiritarraren hitzak ere berak idatzitakoak dira.

Beste poesia liburu bat argitaratu berri du Itxaro Bordak. Jadanik ohitura bilakatu den bezala, poesiak eta eleberriak tartekatzen ditu idazleak. Biziaren poesiaz ere mintzo da elkarrizketa honetan. Zentzu horretan, bakerantz, lasaitasunerantz egindako urrats pertsonalak ekarri dion sakontasuna agerian utzi du.

«Zure hatsaren ez galtzeko» liburua argitaratu berri duzu, zer atzemanen dugu bertan?

Poema bilduma bat da. Ez da nire lehen bilduma, beti idazten baitut poesia, eleberri bat idazten dudanean ere bai. Horretan biltzen dira azken zortzi-bederatzi urteotako poemak, han eta hemen, handik eta hemendik, idatzi ditudanak.

Lau bidaiaren inguruan biribilkatzen da bilduma. Lehenik barne bidaia bat, egoki den bezala poesiarentzat; gero, bidaia geografiko bat munduan zehar; beste bidaia bat hizkuntzen ingurukoa da -hizkuntza anitz nahastekatzen dira-; eta, azkena, adiskidantzazko bidaia bat da, zeren eta poema kasik bakoitza gustatzen zaidan norbaiti edo adiskide bati zuzendua baita.

Ez da zure lehen bilduma, zertan aldatu dira liburu honetan agertzen diren poemak?

Uste dut aldaketa nabarmen bat gertatu dela poesia horiek idazterakoan. Batetik nire nortasun gatazkatsua jabaldu, lasaitu edo baketu bezala egin da. Eta, bestetik, baketu den heinean, bestelako hedadura bat hartu dute poesiek, beste «naiztasun» bat berraurkitu dute. Hau da, poesia gutxi da «ez dut», «ez naiz» hasten denik, baikorragoak dira, naifagoak, baina, horregatik, batzuetan sakonagoak eta ahoan bilorik gabe idatziak eta erranak.

Ahoan bilorik gabe zer esateko?

Esateko gure mundu honetako ezinegona, gertatzen dena, bai gure herrian bai inguratzen gaituzten herrietan. Eman dezagun gure gatazka politikoari buruz, krisi ekonomikoari buruz edo gure baitan ditugun beldur eta izuei buruz ere hitz egiteko, denak bat baitira. Baita gogoan ditugun esperantza, asmakizun eta hitzez aritzeko ere. Poesien edukiak pixka bat urrunago eramateko joera izan dut.

Poesiak baketsuagoak direla erran duzu, horrek zer ekartzen du?

Uste dut poesia hauetan, beharbada baketsuago delako, badela musikaltasun handiago bat. Eta musikaltasun horren bidez beharbada irakurleak baretuko ditu zenbait poema eta bere egunerokotasunaren edo bizitzaren ispilu gisa ere hartzen ahalko ditu. Dena dela, idazle gisa liburua beti emana da behin irakurlearengana ateratzen denean.

Zortzi eta bederatzi urte biltzen dira liburuan. Denbora horretan zeharreko bidaia ere izanen da, beraz.

Bai, bada bidaia bat, aipatzen ditudan lau bidaia horiek bertan gertatzen dira, eta hor garatzen dira. Hor bada lekukotasun bat, pentsamendua nola aitzina doan, nola egiten den, nola egiten dudan, nola pairatzen dudan, nola gozatzen dudan ere batzuetan. Nor gurutzatzen dudan, nori esker egiten dudan urrats bat aitzinera. Zein euskarazko hitzek eramaten nauten pixka bat urrunago. Horiek guztiak hor dira ohar koaderno batean bezala pausatuak, poesia bidez.

Hitzen bidaia horretan zer atzemanen dugu?

Badira ene haur denborako hitz batzuk sartu ditudanak, hitz zaharrak direnak eta haurtzarorako erregresio bat eginarazten didatenak. Hitz horietarik abiatuz iruditzen zait oraina eta etorkizuna berriz irudikatzen ahal ditudala.

Eman dezagun hitz oso poetiko bat: «durduluxka», harria bezala biribilka ibiltzen dena, Rolling Stone bat bezala. Hitz hori entzuna nuen, ahantzia, eta berriz ere errekuperatu dut. Badira horrelako seinale batzuk, bideko harri zuriak bezala eramaten nautenak pixka bat urruntxeago. Oraindik ikertuak ez ditudan gaiak eta alorrak ikertzerat akuilatzen nautenak.

Poesia da liburu honetan, baina eleberriak ere argitaratu dituzu eta uda honetan «Gerezien denbora» pastoralaren hitzak idatzi dituzu. Zer ekartzen dizu estilo bakoitzak?

Teknika eta pentsatzeko modu ezberdinak dira. Poesia idazterakoan denbora asko behar da eta ez da baitezpadakoa. Gertatzen ahal da poesia bat hasi duela sei-zazpi urte eta bukatu duela sei hilabete. Eta batzuetan ateratzen da tximista bezala.

Pastorala idazterakoan koblakari jaidurarekin topo egin nuen berriz, koblak ekartzen duen bizitasun zaintsu hori berreskuratu nuen. Eta nobela idaztea beste kirol bat bezala izan daiteke, luzeagoa, eta pentsamendua lasaiago garatzen ahal da. Bakoitzak bestea aberasten du eta batzuetan nobela idaztean poema baten egitura ateratzen zait; bata bestea gabe ezin dira aitzina joan, nire kasuan bederen.

Eleberrietan ere poesia atzematen dugu?

Bai, poesia denetan sartzen da azkenean. Perpaus eder bat, tragikoa, jendartean zerbait erraten duena idazterakoan beti poesia behar da. Uste dut orokorki eguneroko bizitzan ere poesia zerbait ez badugu jartzen, hau da, desira zerbait ez badugu jartzen, gure bizitzak oso laster infernu bilakatzen direla.

Poesia, beraz, desira da?

Bai, horrelako zerbait. Mundua, norberarena, inguratzen gaituena, ezberdin ikusteko desira bat da, bai.

Mundua, beraz, poesia gisa begiratzen duzu?

Bai, azkenean, bai, bestela uste dut ezin bizi nukeela eta ezin bizi genukeela orokorki.