Idoia ERASO URRUÑA

«Ederlezi»-ren bidaiak Arriagara eraman du zuberotar pastorala

Iaz Xiru festibalean estreinatu zen «Ederlezi» pastoral alternatiboa Arriaga antzokian ikusteko parada izanen da igande honetan. Ijito edo buhameen historiari begiratua ematen dion antzezlanak Zuberoako tradizio zaharrak Bilbora eramanen ditu.

Pastoraleko protagonistak bezala bidaia handia abiatu du «Ederlezi»-k. Gotaineko Xiru festibalean egin zuen bere aurkezpena eta Bilboko Arriagan eginen du geldialdia buhame edo ijitoak protagonista dituen antzezlanak. Fikzio honek ama baten eta zazpi alaben ibilbidea kontatzen du Euskal Herrian eta denboran zehar. «XVII. mendean hasi eta XXI.eraino doa, familiaren istorioa kontatuz. Beraien bizian Euskal Herriko gertakari nagusiak biziko dituzte», azaldu du obraren idazle Mixel Etxekoparrek.

Pastoralaren errejent Nicole Lougarotek idatzi zuen «Bohemiens» liburua du oinarri lanak. Zuberoan zeresan handia eman duen liburuak eskualdeko bereizgarri diren maskaradak tzigano edo buhameek ekarritako ohitura direla defendatzen du. Herri ibiltaria Euskal Herriko probintzia txikienean ezarri zenean bere kultura aberatsetik ekarpenak egin zizkiola baieztatzen du liburuak eta horiek aztertzen ditu, eta irakurketa horretatik abiatuta egina izan da «Ederlezi».

Izenburua ere esanguratsua da, «eder» hitzak euskaldunoi egiten digun keinua ahantzi gabe, Europa erdi eta ekialdean buhameek udaberrian ospatzen duten festa handi baten izena hartzen du. «Erran izan da buhameek musika eta oiloak ebasten zituztela, baina kultura handiko herria da, eta beste tokietan bezala Euskal Herrian ere ekarpen handiak egin ditu», erran du Etxekoparrek.

Igandean Bilbon izanen da pastorala, «antzerkiaren tenpluan», Etxekoparrek berak izendatzen duenez. Tenplua edo ez, pastoralak bere kaleko izpiritua bertan ere atxikiko du, eta, herrietan egin izan duten bezala, taulen gainean ere ikusleria bertan delarik eginen dute agertokiaren muntaketa. «Eszenografia sinplea» duen obrak «Molièren garaiko tradizioetara» eramanen ditu ikusleak, «lehen egiten zen bezala».

Izan ere, antzinako garaietara ere eramaten baitute ikusleria lehengo pastoralaren estiloarekin, hau da, jende eta baliabide gutxirekin, baita luzera murritzagoarekin ere; 700 kopla inguru ditu. «Berrikuntza irudiko du azken urteetako pastoralekin konparatuta, baina ez da berria» azaldu du Etxekoparek. Aldiz, berritasunak badira horretan, gutxitan ikusten baita errejentaren tokian emakumea. Horretaz gain, Lougarotek katolizismoari hain lotua izaten den pastoralari kutsu erlijiosoa kendu dio.

Zuberoan bukatzen da «Ederlezi»-ko protagonistek egiten duten bidaia, eta bertako hamalau aktoreek, berriz, kontrako bidea egin dute. Tenplura ailegatzeko ibilbidea Gotaineko Xiru festibalean abiatu zen. Pastoralak ohitura duen legez, kanpoan egin behar zen «Ederlezi»-ren estreinaldia eta eguraldi txarraren erruz aterpean iragan zen lehen emanaldiaren ondoren bigarren bat ere izan zen. Horren ondoren, Zuraide eta Arrosako herrietan ere izan zen, ikastolentzako laguntza biltzeko asmoz.

Bilbora heldu aurreko geldiunea bereziagoa izan zen; izan ere, Iruñean maiatzean ijitoen inguruan egindako asteburu baten barnean kokatu zen pastoral zuberotarra. «Buhameen tokia eta arrastoaren historia defendatzen duen antzezlana zentzu horretan antolatutako asteburu oso baten barnean kokatu zen», azaldu du idazleak.