Jon GARMENDIA

Ikasten

Kristo aurreko hamazazpi mila urte, ez dira urte gutxi; aspaldi da hori, oso aspaldi. Eta garai horretan lortu zuen Uigur inperioak bere distira, Pazifikotik hasi, Asiatik barrena ibili eta Europako iparreraino iritsiz. Behintzat halakorik aipatzen dute Ekialde urruneko kontakizun eta legenda askok. Lemuria, ustezko kontinentearen garaiak dira horiek, ustezko Atlantidarenak, betirako itsasoaren sakonean desagertutako lur zati haienak. Legenda horien arabera, Asiako ipar-ekialdeko Gobi desertuak hiri ederrak zeuzkan, eta ederrena hiriburu: Kara Khota. Arkeologo errusiarrek, tektonikoki sortutako eta munduko sakonena izateaz gain, ur gozoaren bosten bat gordetzen duen Baikal lakuaren hegoaldera atzeman zituzten Kara Khotaren aztarnak. Honela jakin zuten uigurrek matematika nozioak zituztela, astrologia, literatura eta baita medikuntzarenak ere. Hortik aurrera, fikzioak sortutako hamaika istorio topa daitezke liburutegian uigurrei buruz, Googlen errazago seguruenik, baina tira, liburutegiek beste xarma bat daukatelakoan nago. Egun, Txinako Herri Errepublikaren menpeko Xinjiang eskualde autonomoan bizi dira uigur gehienak, K2 mendia punturik altuena duen lurraldean. Budistak lehen, gaur musulmanak, Han etniaren parean (edo aurka) bizi direnak. 1933an lehen errepublika osatu zuten, eta 1949an Txinak bere mendean hartu zituen berriro. Asko exiliatu ziren, eta gelditu zirenek Mao Zedongek gidatutako Iraultza Kulturalaren errepresioa jasan zuten. Independentziaren alde segitzen dute hala ere, eta askok diote CIA dagoela horren guztiaren atzean, AEB nolanahi ere, eta Txinak ere irmo segitzen du haien aurka, azken biktima Ilham Tohti izan delarik, 44 urteko ekonomialaria, Beijingo minorien unibertsitateko irakaslea, pasa den astean bizi osorako kartzela zigorrera kondenatua separatismoa bultzatzearren. Gaur ere gatazka latz bat irakurgai, gaur ere, gatazka bat izan da geografia, kultura, historia... ikasten lagundu didana.