GARA DONOSTIA

Donostiako memoria historikoaren mapa birtuala osatu eta sarean jarri du Udalak

Donostiako Udalak oroimen historikoari buruzko webgunea sortu du giza eskubideen inguruko orrialdearen barruan. Bertan, azken urteotan memoria historikoa berreskuratzeko eginiko lanak aurkitu ahal izango dira: Sasiain alkate errepublikazalearen biografia, hiriko plaka frankisten artxiboa, udal funtzionario errepublikazaleei eginiko omenaldia, gerra hasieran edota ondorengo urteotan fusilatutako 400 donostiarren inguruko dokumentuak, besteak beste.

Mapa birtuala ere jarri du Udalak. Bertan, 1936ko gerran eta ondorengo urteotan hirian garrantzia izan zuten gertakariak ezagutzeko 110 leku identifikatzen ditu. Xedea da gure iragana «modu dinamiko eta kritikoan ekartzea gogora».

Informazio eta dokumentu hauetara iristeko lotura www.donostia.eus/gizaeskubideak helbidea da.