Arantxa MANTEROLA BAIONA

Baiona 2014k auzoz auzo aurrekontu parte hartzaileak egitea proposatu du udalean

Legealdi berriko lehen seihilekoa igarota, bilana egin du Baiona 2014k. Ahal beste batzordetan lanean ari da eta proposamen propioak ere egin ditu, auzoka aurrekontu parte hartzaileak egitea, esaterako.

Martxoko hauteskundeetan zinegotzi bat -Jean-Claude Iriart- lortuta, Baiona 2014 taldeak lehen seihileko bilana aurkeztu zuen, atzo, Lapurdiko hiriburuan. Hala, bozen bigarren itzulian bat egin zuen Front de Gauche-ko (FG) Serge Nogues hautetsiarekin presente da bost udal batzordeetan, udaletik kanpoko lau batzordetan eta Herriko Etxeko ordezkaritza duten hainbat erakundetan.

Beren programako ardatzak oinarri hartuta, talde barnean deliberatzen dute lehenik gaien arabera zein jarrera izan eta, ondoren, udalbatza bakoitzaren aurretik, FGkoekin biltzen dira. «Ahalik eta adostasun handiena izateko, gaiak elkarrekin prestatu eta lana banatzen dugu. Horrela, eraginkorragoak gara baina, aldi berean, bakoitzaren boz askatasuna ere ahalbidetzen dugu», esan zuen Iriartek.

Proposamen propioak

Orain artean Baionan izan diren bost udalbatzetan gobernuan dagoen taldearen proposamen gehienak (%57) babestu egin ditu, baten kontra bozkatu du eta gainerakoetan, abstenitu egin da. Horien artean daude, aurrekontuarekin zerikusia dutenak, eskola eta hezkuntza inguruko Proiektua, edota «oso inportantea» den Hiriko Joan-jinen Plangintzaren dokumentua, laster erakusketa publikoan jarriko dena. Planak «hutsune nabarmenak» dituela uste dute.

Baiona 2014k FGrekin adostutako proposamen propioak ere egin ditu. Esperimentu moduan, udal aurrekontu osoa prestatzerakoan, auzoz auzoko proiektuen inguruan aurrekontu parte hartzaileak lantzea planteatu du, esaterako.

Elkarte eta taldeei banatzen dizkien diru-laguntzetarako irizpide eta jarraibideak zehazteko lan bat abiatzea proposatu du, «banaketa politika ahalik eta gardenena izan dadin», bai eta euskara sustatze aldera hirian hizkuntza politika egituratzeko udal kanpoko batzordea eratzea eta Baionako bi ikastolei eskola erritmo berrietara egokitzeko laguntzak ematea ere, gainerako ikastetxeei eman zaien bezala.

Jean-Rene Etchegaray auzapezak proposamenak aztertuko dituela agindu die.

Sei urterako oinarriak eta norabideak zehaztu dituzte

Joan den larunbatean egindako biltzarrean, joera politiko askotariko (batez ere ezkertiarrak eta abertzaleak) kideak biltzen dituen elkarteak legealdiko sei urteetarako jarraibideak xeheki zehaztu zituen.

Hastapenean Baiona 2014n parte hartzeko kartan finkatutako oinarriak ere osatu egin dituzte. Veronique Wagnerrek horietako batzuk gogora ekarri zituen, hala nola, partekatzen dituzten balioak: berdintasuna eta justizia soziala, geroko belaunaldiei begira ingurumena zaintzea, Baiona hiri nagusia izanik lurraldeko gainerako herriekin elkartasunez aritzea eta euskal kultura eta euskara sustatzea, demokrazia parte hartzailea...

Funtzionamenduari dagokionez, Biltzar Nagusiak hartuko ditu antolakuntza eta politika mailako erabaki nagusiak. 10-20 pertsonak osatuko dute talde eragilea. Elkarte izaera lehenetsi dute, baina bertako kideak alderdi politiko bateko kide izan daitezke. Halere, Baiona 2014 bere hautu politikoen jabe izanen da. Zenbait gaitan beren jarrera ez dute oraindik zehaztu. Adibidez, Ipar Euskal Herriko erakundetzearen formulari buruz edo Udalbiltzan parte hartzeari buruz ez dute iritzirik emango oraingoz. A.M.