GARA

Topatu.info-ko hiru kide auzipeturik, ekitaldi baten berri emateagatik

Urriaren 7an Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu beharko dute Topatu.info webguneko hiru kazetarik. 2013ko martxoko Gazte Danbadan egin zen ekitaldi politikoari buruz informatzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzi diete.

Iazko martxoan Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoari buruz informatzeagatik Topatu.info webguneko hiru kazetarik Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrera joan beharko dute, «terrorismoa goratzea» egotzita. Euskal Herrian deklaratzeko eskaerari uko egin dio auzitegiak eta, hortaz, urriaren 7an, datorren asteartean, Madrilera joan beharko dute hiru lagunek.

Urduñan izandako ekitaldi politikoan, egun haietan zendu zen Xabier Lopez Peña euskal presoa izan zuten gogoan eta, ondorioz, Ernai antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria inputatu gisa deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazional espainolak.

Topatuk ere ekitaldiaren inguruko hainbat bideo ezabatzeko agindua jaso zuen, eta bete ezean webgunea ixtearekin mehatxu egin zieten. «Agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen, webgunea ixteak ekarriko lituzkeen kalteak kontuan hartuz», esan zuten proiektuko arduradunek.

Agindua bete arren, informazio hura zabaltzean Topatuko hiru kideek «terrorismoa goratu» zutela uste du Velasco epaileak.

Gazte Danbadak lau egunez 7.000 gazte inguru bildu zituela eta bertan egindako ekimen ugariren berri eman zutela nabarmendu dute Topatuko kideek, «interes informatiboa soberan gainditzen zuen» gertaera bat izan zela defendatuz.

Azken bi urteotan gazte proiektu komunikatiboa sendotzeko egindako ahalegina aldarrikatu ondoren, «prentsa eta askatasuna zentsuraz moztu nahi badituzte ere», bide horretan lan egiten jarraitzeko prestutasuna agertu dute.